GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Piripidpit

Piripidpit, ideia garbi eta izaera sendoko neska, Moroia gerlariarekin ezkondu behar zuen, baina ez zuen jasaten». Halaxe hasten da Amazoniako tupari indigenen ipuin bat. Beste askok bezala, istorio honetako neskak ederki ordainduko du gizona arbuiatu izana. «Behin, berriro arbuiatua izan ondoren, Moroiak ez zuen jasaterik izan eta, amorraturik, mendeku gose geratu zen. Gero, lagunak gonbidatu zituen neskari segada egiteko». Eta beste emakume asko bezala, Piripitpit segadan erori eta akabatu egin zuten. Hilketaren ostean, sua piztu dute gizonek eta neskaren gorpua erretzen jarri. «Erretzen zuten bitartean, kantu izugarriak abesten zituzten suaren bueltan. Haragiaren koipeak txinpartak ateratzen zituen, animalia koipetsu bat doi-doi erretzean bezala». Gero, gerlariek neskaren gorpu errea jan egin zuten. Istorio latza zeharo. Amaieran, ipuina kontatu duen emakumeak azaltzen du istorio hau ezkondu nahi ez zuten neskei kontatzen zietela.

Ipuina da, Amazoniakoa; zoritxarrez Piripidpit asko dago munduan, ipuinetatik kanpo. Ipuinen unibertsoa pertsonen iruditeria eta errealitatea ekartzen digute narrazio gordin edo, ustez, «inuxenteen» bitartez. Kontalaria bitartekari bihurtuko da istorioaren eta entzulearen artean. Ipuinak gertaera bat kontatuko digu, baina kontalariak erabakiko du gertaera horren aurrean nola kokatu. Piripidpiten istorioa izan diren eta diren emakume askorena da. Kontalariak erabaki beharko du bere egiten duen.

Bizitzan bezala, ipuinetan ere zure begirada nondik egiten duzun erabaki beharko duzu, eta hemen ere betaurreko moreak jantzi edo ez; gerlaria edo ideia garbiko emakumea izan.