GARA > Idatzia > Kultura

Philippe de Ezcurraren kontzertuak emanen dio hasiera bihar «Iparraldea Bertan!» zikloari

Maider IANTZI | DONOSTIA

Pantxoa Etxegoien Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak adierazi bezala, «gauzak egitea ongi da, baina iraunaraztea hobeki». Hortaz, kontent egoteko moduan dira «Iparraldea Bertan!» jardunaldietako antolatzaileak, hamaika urteotan EKEk proposatu eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak antolatutako saioek gero eta arrakasta handiagoa bildu dutelako. Aurtengo edizioa bide horretatik dator, musikaz bete-beteta eta gogoetarako aukera ere emanez.

Atzoko aurkezpenean jakinarazi zutenez, bihar hasita eta lau astez, asteazkenero-asteazkenero saio bat izanen da Koldo Mitxelenan 19.30ean. Philippe de Ezcurra esku pilotari izandako soinu-jotzaile urruñarrak inauguratuko du aurtengo zikloa. 1996an urrezko domina lortu zuen Ezcurrak eta irakasle aritzen den Baionako Kontserbatorioan ere saria jasotakoa da. Bihar, bi lagun izanen ditu ondoan, Nafarroa Behereko Kattalin Indaburu kantaria eta Marina Beheretche Ezpeletako biolin-jotzailea. Hirurek elkarrekin, Ipar Euskal Herriko kantak joko dituzte, baina interpretazio propio eta modernoarekin.

Hurrengo saioan talentu berriak ezagutaraziko dituzte eta bereziki gazteei egin nahi izan zieten ikustera joateko gonbidapena. Begiz Begi taldea hasiko da jotzen. Patxi Amuletek (ahotsak eta gitarra) eta Xabi Etcheverryk (biolina) bikote moduan ekin zioten bideari; gaur egun, seiko formatuan aritzen dira.

Aldudeko izarrak

Edizio honetan emakume musikari anitz bilduko dira, horien artean Izarrak Aldudeko talde gaztea, lau neskak osatua: Sophie Oteizak, Emmanuelle Lurok, Celine Bidartek eta Kattin Inchauspek. Bere bidea 2004ko Nafarroa Behereko kantu txapelketan hasi zuen laukoteak, eta geroztik Niko Etxart edo Anje Duhalderen emanaldien lehendabiziko zatiak egin dituzte. 2008an «Biziari so» diskoa eta lau tituluko bertze lan bat kaleratu ondotik, hirugarren diskoa prestatzen ari dira orain buru-belarri. Gaualdi honetan, Peio Chauvin, Maurice Anocibar eta Xan Errotabehere musikariek lagunduko dituzte.

Martxoaren 21ean Maddi Zubeldia, Xano Urtxegi eta Txomin Arizaga arituko dira eskusoinu, gitarra, xirula eta buzukiarekin. Bidaiatxo poetikoa eskainiko dute, irlandar haitzetatik abiatu, eta Mikel Laboa, Jean Renoir, Paco Ibañez eta Xabier Leterekin geldiuneak eginez, hizkuntzak nahasiz, emozio batetik bertzera igaroz.

Eta, jardunaldiei amaiera emateko, mintzaldi bat, aurkezpenean erran zuten bezala, gogoeta ere egin nahi dutelako. Horretarako Garapen Kontseiluko zuzendari Battitta Boloquy etorriko da Ipar Euskal Herriko arazoak eta itxaropenak agertzera. Frank Dolosor kazetariaren galderei erantzunez, euskarak lurralde proiektuan duen lekuaz, mugaz gaindiko harremanez eta lurralde antolaketaz (hirigintza, garraioak...) hausnartuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo