GARA > Idatzia > Kultura

Victoria Eugeniarekin lotutako bizipenak aterako dituzte argitara

Mendea bete du Donostiako Victoria Eugeniak, baina pertsonentzat ez bezala, antzoki batentzat gazte izatea da hori eta gutxienez bertze mende bat aitzinetik izatea espero dute dFeriako kideek. Arte eszenikoen topalekuaren edizio hau antzokiari eskainiko diote, urteurren biribila herritarrekin eta artistekin batera jai giroan ospatzeko, eta bide batez, horien testigantzak jasoz, «tenpluaren» barneko bizipen eta sentsazioak deskubritzeko.

p040_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Datorren astelehenetik ostegunera eginen den hemezortzigarren dFeria berezia izanen da, Victoria Eugeniari eskainiko diotelako. Lehendabiziko mendea bete du aurten Donostiako antzokiak; gainera, bost urte dira berritu eta berriro ateak ireki zituenetik. Ospatzeko, herritarrei eta arte eszenikoetako jende guztiari -aktoreak, dantzariak, musikariak, teknikariak, antolatzaileak... emanaldiak funtzionatzeko behar diren pertsonak- egin diote gonbidapena, ekintzetan parte har dezaten eta antzokiarekin lotutako beren testigantzak utz ditzaten.

Jendearen oroitzapen eta sentsazioak jasotzeko, bisita-liburu bat jarriko dute antzokiko leihatilan, webgunean ere zabalduko dute txoko bat eta victoriaeugenia@donostia.org helbidean hartuko dituzte gutunak. Oscar Terol aktorea izanen da istorio horien guztien anfitrioia; bera arduratuko da bestaren barreneko bestaz, zeremoniaren barneko zeremoniaz, eta egunero, ikuskizunen aitzinetik ekitaldi txiki bat aurkeztuko du jendearen pasadizo eta sentipenekin.

Terolek antzeztu beharko duen pertsonaia berezia izanen da, ez delako pertsona bat, antzoki bat baizik, «tenplu» bat, hala baita berarentzat, leku sakratu bat, eta bertan egindakoa, lanbide bat baino gehiago. «Nire hiriko antzoki bat interpretatzea ardura handia da, eta ilusio handia egiten dit jendearen testigantzekin bat egingo dudalako. Baina garrantzitsuena, hoberena da emanaldi honen ondotik antzezlan bat hasiko dela», adierazi zuen atzoko aurkezpenean.

Norka Chiapuso dFeriako zuzendariak erantsi zuenez, beren asmoa urteurrena jai giroan ospatzea da, antzerkia eta dantza antzoki honetako ardatz nagusi izan direla azpimarratuz eta barruko historia idazteko aprobetxatuz, gauzak deskubritzeko. «Ikuspegi osoa eman nahi dugu, jende pila bat behar delako antzoki batek funtzionatzeko, aurpegia aktoreek erakusten duten arren. Teknikariak behar dira, publikoa... Eta guk denen beharra jarri nahi dugu mahai gainean ospakizun honekin», nabarmendu zuen.

Hainbat parte-hartzaile

Zurriola ikastola, talde amateur batzuk, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko ordezkariak, kazetariak, Buenos Airesko antzerki talde bat, Kolonbiako Manizaleseko Jaialdiko zuzendaria, produktoreak, eszena zuzendariak, koreografoak... Parte-hartzaile ugari izanen ditu ekimenak, eta denen ekarpenarekin bertze Victoria Eugenia bat deskubritzeko aukera izanen da, «ezagutzen ez dena, baina erreala dena», Chiapusok erran bezala.

Jarraian, aurpegi ezagunetako batek, Ainhoa Aierbe aktoreak, hartu zuen hitza: «Antzerkia eta dantza aipatu dituzue, baina ez nuke musika ahaztu nahi», hasi zen, eta bera antzoki honetara musikaren bidez iritsi zela oroitarazi zuen, Donostiako Orfeoiarekin. «Musika, antzerkia eta dantza; hori da antzoki on eta eder baten magia».

Bitxikeria gisa, kontatu zuen lehengo egunean etxean aipatu zuela aurkezpen honen berri eta bikoteak erran ziola kontatzeko bera eskalada lehiaketa batean izan zela Victoria Eugenian. Rokodromo eder bat jarri zuten bertan, mendizaletasunari ere lekua eginez.

Ospakizunaz eta testigantzak biltzeko ekimenaz gain, arte eszenikoen topagune honetan eginen dituzten ekintza paraleloak ere jakinarazi zituzten: aurkezpena -arte eszenikoen feriek sortutako negozioen azterketa-, trebakuntza -workshopa eta antzerki tailerra- eta topagunea -Okendo plazan, Mikel Berezibarrek diseinatutako dFeriaren horma-irudia dago bertan-.

EKINTZA PARALELOAK

Arte eszenikoen feriek sortutako negozioak aztertuko dituzte, koreografia eta dantza garaikidearen «workshop»a, Yamila Uzorskisekin, eta antzerki tailerra, Javier de Diosekin.

Hunkidura katarro batekin disimulatu zuen umea

Teresa Pro aktoreak Victoria Eugeniaren xarma nabarmendu zuen: «Hau glamourra bezalakoa da, badaukazu edo ez daukazu. Eta gutxik daukate antzoki honen xarma». Oraindik gogoan du lehendabizikoz bertan antzeztu zuenean sentitu zuena, kamerinora sartzean izan zuen sentsazioa. «Erabat zaharkituta zegoen, baina antzerkiko zerbait arnasten zen, bertatik igarotako jende handiaren zerbait. Gero, jada berritu zituztenean, berriro aldatu nintzen bertan eta pentsatu nuen hemendik ehun urtera agian norbaitek nik sentitu nuen sentsazio bera sentituko duela. Ehun urte barru beste bilera bat badago, esango dizuete», bota zuen umoreko. Prentsaurrekoan zeuden bi dantzariek -Edu Muruamendiarazek eta Jon Mayak- ere eman zuten beren bizipenen berri. Lehendabizikoarentzat amets bat izan zen Bergaratik Donostiara dantzatzera etortzea eta Zinemaldian dantzari ofiziala izan zen azken urteetako esperientzia zoragarria izan zen. Mayak txikitan «E.T.» ikustera etorri eta hunkidura katarro batekin disimulatu zuenekoa ekarri zuen gogora, eta berriki hamar urteko alabarekin sartu zenekoa, bere umezaroa oroituz. M. I.

Fitxa

Dferia: XVIII. Arte Eszenikoak.

Data: Martxoaren 12tik 15era.

Antolatzailea: Donostia Kultura.

Lekua:

Victoria Eugenia, Gazteszena, Intxaurrondo kultur etxea, Antzoki Zaharra...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo