GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herrirak elkarretaratzea egingo du 24 orduz, preso gaixoak aske utz ditzaten

Jon Egiluzek eta Roberto Romanek, Herrira plataformaren izenean, urte hasiera honetan egingo dituzten ekimenak aurkeztu zituzten atzo. Gaixo dauden presoen askatasuna eskatzea izango dute helburu guztiek.
p012_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Herrira plataformak euskal preso politiko gaixoen askatasuna eskatzeko urte hasiera honetan egingo dituzten ekimenen berri eman zuen atzo, Bilbon egindako agerraldian.

Gaixotasun larriak dituzten preso horien artean, kasu «lazgarriena» Txus Martin basauriarrarena da. Jon Egiluz eta Roberto Roman, euskaraz eta gaztelaniaz hurrenez hurren, bizkaitarraren prozesuaren «erradiografia» egin zuten.

Kartzelan daramatzan hamar urteetatik bost bakartuta eman dituela azaldu zuten bi bozeramaileek. Erabaki «ulertezin» horrek «ondorio psikotikoak izan ditu». 2010eko irailean Martin bere buruaz beste egiten ahalegindu zen. Medikuek nahasmen eskizo-afektiboa diagnostikatu zioten.

Gaur egun Arabako Zaballako espetxean dagoen arren, «tratamendua izateko behar duen askatasuna ukatu diote», eta horren ondorioz, bere osasun egoerak «txarrera egin» du.

Txus Martinen eta gainerako preso gaixoen egoera larriaren aurrean, Herrirak deialdia egin zien Estatu espainiarrari eta frantziarrari «espetxe politika konponbide klabeetara» aldatzeko eskatuz.

Era berean, dinamika berriak martxan jartzea «beharrezko» ikusten du plataformak, «euskal jendartearen sektore eta eremu ezberdinak inplikatzeko» espetxe politika aldatzeko helburuarekin.

Dinamika berri horretan, bi izango dira ekimen nagusiak: alde batetik, Bizkaian anbulantzia bat herriz herri ibiliko da, eta bestetik, martxoaren 24an 24 orduko kontzentrazioa egingo dute.

Lehenengo egitasmoari dagokionez, atzo abiatu zen anbulantzia Basauritik, eta zenbait astetan zehar Txus Martinen egoeraren berri emango du herrialde osoko auzo eta herrietan. Basauriarraren askatasuna eskatzen duen agiria sinatzeko aukera ere izango da.

Ekitaldi nagusiari dagokionez, martxoaren 24an hasiko da, Bilboko Plaza Eliptikoan. 24 orduz jarraian, etenik gabe, elkarretaratzea egingo dute. Larunbat goizeko hamabi eta erdietan hasiko da eta igandean bukatuko da, ordu berean.

Bestalde, euskal preso politikoen aldeko ekitaldiak izan ziren atzo Gernikan (46), Ondarroan (65), Bermeon (25), Iurretan (45), Zaldibarren (22), Ataunen (22), Iruñean (115, PPren egoitzan), Beasainen (35), Abadiñon (14), Altzan (26, Ertzaintzak zazpi lagun identifikatu zituen), Zaldibian (30), Laudion (44), Ordizian (19), Zorrotzan (22), Euban (12), Otxarkoagan (21), Altsasun (47) eta Añorgan (7).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo