GARA > Idatzia > Kultura

Zazpi urteko ibilbidearen ondoren MusikHerria diskoetxeak ateak itxi ditu, «bide berriak lantzeko»

«Ez ditugu ideiak eta diskurtsoak berritu edo, behintzat, ez dugu modu antolatu batean egin, eta argi dago elikatzen ez den proiektuak ezin duela aurrera egin», aitortu zuten ohar baten bitartez.

GARA | BILBO

MusikHerria diskoetxearen itxierak «ez du zerikusirik kapitalismoaren krisiarekin, baldin eta kultura merkantzia hutsa bihurtu ez badugu behintzat, ezinezkoa baita kultura krisian egotea», adierazi zuten atzo MusikHerria diskoetxekoek. Zazpi urteko ibilbidearen ondoren, ateak itxi eta bide berriei ekitea erabaki dute. «Oso gazte hasi ginen eta oso indartsu, Euskal Herriko musikaren mundua iraultzeko ideiarekin, baina pertsona eta musikari bezala heltzen joan garen heinean, eta talde berriak gehituz joan diren heinean, ez ditugu ideiak eta diskurtsoak berritu edo, behintzat, ez dugu modu antolatu batean egin, eta argi dago elikatzen ez den proiektuak ezin duela aurrera egin», gaineratu zuten.

Zentzu horretan, egungo egoera kulturalari erantzuteko ideia berriak behar direla argi dutela azaldu zuten, eta horretarako, «MusikHerriak, kolektibo bezala, ez du gehiagorako ematen. Beraz, ikusiko dugu ze sorpresak dakarzkigun ideia berrien zabaltze honek! Hori bai, azkeneko zazpi urteetan bezala, ideia bat berresten dugu: Euskal Herriak kultur eztabaida sakona behar du, etortzear dagoen beste jendarte mota berri batek sortuko eta ulertuko duen kultur eredua sortzeko, alegia. Eta, ziur gaude, bide horretan, MusikHerriak adreiluren bat jarri duela, baina argi dugu ere, kolektibo bezala, hustu egin dela».

2005etik MusikHerriatik 74 talde zein bakarlari pasatu dira eta 82 lan kaleratu dituzte euskarri fisikoan (CD, DVD, liburu). Denak autogestionatuak eta lizentzia libredunak. Proiektuan eta ereduan sinisten dutela berretsi arren, «inertzian erori den kolektibo bat berpiztea» zail ikusi dutela aitortu zuten. «Hainbat ideia eta zenbait ikuspegi sortzen joan gara eta, askotan, kolektiboaren erritmo eta jarraikortasun faltagatik, ideia berri guztiak kaxoi batean geratu dira, hau da, kontzeptu berriak kaleratzeko oztopo nagusiena eragilea bera bihurtu da, MusikHerria bera, esan nahi dugu».

XOXAK, LODOSARA

«MusikHerriako proiektuan erabili gabe dugun diru apurra, hurrengo egunetan Lodosako Ibaialde ikastolari ematea pentsatu dugu. Ez da diru asko izango, baina MusikHerriaren ibilbideak bukaera duina izateko modu onena iruditu zaigu», adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo