GARA > Idatzia > Euskal Herria

PPk Bizkaiko Aldundiari egotzi dio ferryaren auzian 700.000 euro xahutu izana

Esther Martinez Bizkaiko Batzar Nagusietako PPko bozeramaileak azalpenak emateko eskatu dio Aldundiari, P&O ontzi-enpresari 9,7 milioi euro eskatzeko, epaiketetan 703.624 euro xahutu izana leporatuta.

p023_f01.jpg

Jon ADAN | BILBO

Bizkaiko Batzar Nagusietako Alderdi Popularreko bozeramaile Esther Martinezek atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, Aldundiak 703.624 euro xahutu ditu auzitegietan. P&O ontzi-enpresaren aurka 9,7 milioi euro itzul ditzan eskatuz egindako auzietan gastatu omen du diru hori; arrakastarik gabe, ordea. Aldundiak 9,7 milioi euro ordaindu zion enpresari, aurrez hitzemandako 36.000 bidaia-txartelen ordainetan, baina ezin izan zituen erabili, ferry zerbitzua bertan behera utzi zutelako.

Martinezek azaldu zuenez, auzitegiek atzera bota dute Aldundiaren eskaera, bai lehen instantzian, bai bigarrenean; eta hein horretan, bidaia-txartelen dirua ez berreskuratzeaz gain, prozedura kostuak bere gain hartu beharko ditu. Martinezek emandako zifren arabera, abokatuen eta prokuradoreen kontuetan, bi auzietan (lehenik merkataritza arloko epaitegian, eta ondoren, errekurtsoa aurkeztuz, Bizkaiko Auzitegian) 357.599 euro gastatu zituen Aldundiak; eta kontrako aldearen abokatuen kostua ere ordaintzera zigortu dute, hau da, 331.865 euroko faktura. Horri 14.160 euro gehitu behar zaiola jakinarazi zuen Martinezek, Aldundiak aldez aurretik txosten bat eskatu baitzuen, P&O enpresari erreklamazioa egiteko zer aukera zituen aztertzeko.

Horiek horrela, «Jose Luis Bilbaoren enegarren hutsegitearen» ondorioz xahututako 703.624 euro direla salatu zuen batzarkide popularrak. Hartara, ahaldun nagusiari eskatu zion, Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa aurkeztekotan, «bere poltsikotik» ordaintzeko.

Horrez gain, Bizkaiko Batzar Nagusietako hurrengo osoko bilkuran «gai honen gaineko azalpenak eman ditzala» ere eskatu zion PPko bozeramaileak Bilbaori. «Bizkaitarrei ezin baitzaie eskatu gerrikoa estutzeko, eta gero, hamar milioi euro baino gehiago modu horretan galdu», aurpegiratu zion ahaldun nagusiari.

Prozesuaren nondik norakoa

Joan den otsailaren 17an Bizkaiko Auzitegiak berretsi egin zuen merkataritza arloko epaitegiak emandako sententzia; hau da, Aldundiaren eskaera ezetsi, eta erabaki zuen P&O ontzi-enpresak ez zuela itzuli behar ferry bidaia-txartelei zegokion dirua.

Epai horrek dioenez, Bizkaiko Aldundiak 1995. urtean 46.500 bidaia-txartel erosi zizkion P&O enpresari, 5,7 milioi euroren truke, Bilbao eta Portsmouth (Britainia Handia) bitarteko ferrya erabiltzeko.

Erakundearen eta enpresa pribatuaren arteko hitzarmen hori Europako Batzordeak estatu laguntzatzat hartu bazuen ere, lehen instantziako epaitegi batek 2007an baliogabetzat jo zuen. Hartara, Aldundia behartu zuten hitzartutako diru kopurua ordaintzera edota erabili ez zituen txartelak itzultzera.

Urte horretako urrian, Aldundiak P&Ori 12,9 milioi euro ordaintzea adostu zuen, hor sartuta itzuli ezin izan zituen 36.000 bidaia-txartelei zegozkien 9,7 milioi euro.

2010eko azaroaren 15ean P&O enpresak ferryaren garraio zerbitzua bertan behera utzi zuen, ordea, eta Diputazioaren eskuetan erabili gabe geratu ziren bidaia-txartelen ordaina emateari uko egin zion. Hori ikusita, Aldundiak auzitara jotzea erabaki zuen P&O ontzi-enpresak 9,7 milioiko zenbateko hori, interesak barne, itzul dezan, baina epaileek birritan ezetsi dute bere asmoa.

ZIFRAK

Martinezek Ferryaren epaiketetan 703.624 euro gastatu izana leporatu dio Aldundiari. Abokatuetan 675.00 euro inguru eta gainerakoa P&O enpresari erreklamazioa egiteko zituen aukeren inguruan egindako txostenean.

AZALPEN ESKE

Esther Martinezek azalpenak eskatu dizkio Bilbaori « Bizkaitarrei ezin baitzaie eskatu gerrikoa estutseko eta gero hamar milioi euro baino gehiago modu horretan galtzea» aurpegiratu zion ahaldun nagusiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo