Lea-Artibai eta Busturialdearen plangintzan herritarren iritzia kontuan hartzea nahi du Bilduk
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko Bilduko hautetsiek errealitate ezberdina duten bi eskualdeak lotzen dituen LZParen diseinuan bertako herritarren iritzia kontuan hartzeko eskatu dio Aldundiari, eta hori bermatzeko, herriak eman dizkien karguek ahalbidetzen dieten guztia egingo dutela esan dute.
Nerea GOTI | BILBO
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko zenbait zinegotzi eta alkatek agerraldia egin zuten atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan, Aldundiak eskualde bientzat onartu berri duen Lurralde Zatikako Planaren (LZP) gainean mintzatzeko. «LZPa diseinatu digu» eta «inoiz batuta egon ez diren eskualde bi lotu dituzte», adierazi zuten «Gernika-Markina» izendatu duten plangintzaren inguruan.
Azaldu zutenez, «bi eskualdeek ez daukate zerikusirik, eta zerbitzu aldetik zein komunikazio aldetik zentzugabea da» biak LZP berean batzea.
Bilduko hautetsien iritziz, «larria» da, halaber, etorkizunerako etxebizitzen eraikuntza edota errepideen sarea aurreikusten duen plangintza honetan herritarrek parte hartzeko aukerarik ez izatea. «Alegazioak egiteko epe estua ipini digute, eta badirudi, gelditzen zaigun bakarra LZPa korrika ulertu, eta alegazioak egitea dela», salatu zuten.
Herritarrek eurak bizi diren lurraldea diseinatzeko eskubidea dutela gogorarazi zuten eta horien parte hartzea bermatuko duen prozesua eskatu. «Guk erabaki nahi dugu. Azken batean, Lekeition, Bermeon, Muxikan edo Berriatuan biziko garenak geu gara, eta esan egin behar dugu zer den behar duguna eta zer soberan dagoena».
Diputazioko arduradunei zuzendutako eskaeran argitzen dutenez, «diskurtso guztiak plazaratzea» nahi dute, «eztabaidatzeko espazioak bultzatzea» eta «politika publikoetan eragiteko gaitasuna bermatzea», herritarrek «erabakietan benetako eragina» izan dezaten.
«Gu ez goaz inora herritarrik gabe», esan zuten, eta herritarren ahotsa entzunarazteko lortutako karguek ahalbidetzen dieten guztia egingo dutela nabarmendu zuten. Koalizioak mozioak onartu ditu hainbat herritan, Nabarnizen, besteak beste, EAJren baiezkoarekin. Izan ere, EAJk zenbait herritan erakutsi duen jarrera «lotsagarria» dela esan zuten, Bilduren mozioari ezetz esateko emandako arrazoiagatik, alegia, «gai honi buruz iritzirik ez» dutela esan zutelako.
«Erabakiak hartu aurretik ondo pentsatzera» dei egin zioten EAJri, «herritarren etorkizuna jokoan dagoelako». «Haiek kontuan izan gabe egiten duguna, gure kontra etorriko da lehenago edo beranduago», gogorarazi zieten jeltzaleei.
Bilduko hautetsiek Bizkaiko Foru Aldundiarekin lan egiteko prest daudela esan zuten, «beti ere gure herritarrak kontuan hartuta». Koalizioak bat egin du, bestalde, herri ekimenaren sinadura bilketarekin.