GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Urruxulegi Idazlea

Euskararen porrota

Nola onartu zuen EAJk Estatutuan espainola jakitera behartzea eta euskara ez? Eusko Jaurlaritzak milioi asko xahutu ditu Administrazioa euskalduntzen, oso efikazia kaskarrarekin

Komeni da noizean behin gure euskararen egoeraz han eta hemen esan eta idazten direnak jasotzea, euskararen osasuna batzuek uste edo aitortzen duten bezain ona den ikusteko. Nik aurreratuko dut nire ustea, gaur behintzat ez dela batere bikaina.

Gotzon Garate: «Será muy difícil que el euskera sobreviva. Una lengua que no es necesaria, desaparece. Y el euskera no lo es». («DV», 2001-25-4). Gotzon euskaltzale sutsu, maisu, idazle eta filologo handiaren hitzak dira, ez nireak. Eta, agian, norbaitek pentsa lezake hori esan, bai, esango zuela, baina berak ere ez zuela sinesten. Nik sinesten diot eta neuk ere horrelaxe pentsatzen dut. Ofizialki onartua eta bultzatua dagoen elebitasun honek ez garamatza inora, porrotaren putzura ez bada. Elebitasuna, hizkuntza ahula heriotzara kondenatze- ko izen polit bat baino ez da. Fenomeno bitxia gertatzen da euskararekin: ia denek maitasun eta atxikimendu sutsuak deklaratzen dizkiote, politikoek bereziki, baina ez dute bere beharrik sentitzen egunerokotasun praktikoan. Euskara ez da beharrezkoa. Egun bakarreko jaialdi folkloriko arranditsuak antolatzen dira, politikoen atseginerako eta herriaren opiorako. Baina euskara ez da beharrezkoa. Txillardegik kontatu zidan behin Iñaki Azpiazu, gerra ondorengo irrati-esatari «abertzale» ezagunak, komentatzen ziola: «Qué más da decir etxe o casa...». Hau da, zer axola dion euskaraz ala espainolez bizitzea, kontua elkar ulertzea bada eta urrezko txekorra geurea badugu.

Iñaki Irazabalbeitia: «20 urte eta gero, Ertzaintza ez da euskalduna. Borra erabiltzen bezain ondo euskara irakatsi izan baliete, ez ginateke orain Ertzaintzaren euskalduntzeaz hitz egiten ariko» («Berria», 2005-11-16). Iñaki kexu zen Eusko Jaurlaritzak Ertzaintza euskalduntzeko prozesua makal erabili duela eta. Ertzaintzako gehienak EAJren kontrol zorrozpean sartu ziren sorreran. Beste asko PSEk aukeratuta, EAJrekin akordioa adosturik, hasiera batean behintzat. PSEk beste askoren artean guardia zibil eta polizia nazionalak sartu zituen. Nola lortuko luke Iñakik euskalduntzea nahi ez dutenak euskalduntzea? Euskarari gorrotoa diotenak euskalduntzea? Erdaldunak gureganatu behar ditugu eta ez uxatu, zioen geroago bertan Iñakik. Betikoa. Baina ez zuen argitzen «gureganatze» hori nola mamitu. Ez zuen argitzen Administrazioaren zentralitate politikoa zer litzatekeen. Hasieratik bertatik denak euskaldunak hartu balira, elebitasun ofiziala beraz, gaur beste kuku batek joko zuen.

Patxi Baztarrika: «El euskera necesita un gran acuerdo» («DV», 2005-12-03). Gernikako Estatutua onartu zela 26 urte pasa eta gero «akordio handi» baten eske zetorkigun Baztarrika. Asko egin da, baina asko dago egiteko, zioen politikoaren arimarekin. Hoy el 60% de la población de entre 5 y 14 años es bilingüe. Aski al da nola-halako hiztunak, sortzea? XVIII. mendean, adibidez, EAE ia erabat euskalduna zen. Zergatik iritsi gara gauden egoera negargarrira? Euskararen normalizaziorako soberaniarik eta administratzaileen borondaterik egon ez delako. Justu gaur bezalaxe. Garaikoetxeak eta Arzalluzek Madrilekin Estatutua negoziatu zutenean, euskararen normalizazioa baino gogoanago zuten kontzertu ekonomikoa, zergak eurek kudeatzea. Madrilek kontzertua eman zien, bai, baina euskara eta Nafarroa nolabait zapuztearen truke. Ez dut esango politiko hauek traizioa egin zutenik, ez, betiko EAJ koherentearen jokoa egin zuten. Madrilek bazekien euskararen etorkizuna noren eskuetan uzten zuen. «Qué más da decir etxe o casa?».

«El rector reconoce que sigue habiendo carencias en materia de euskara». (GARA, 2005-12-24). 32 urte UPV-EHU sortu zela eta oraindik ere euskararekiko gabeziekin gabiltza. «En materia de español» ez dago inoiz gabeziarik. Noiz arte jarraitu behar du EHUk espainolaren hegemonia diskriminatzailea mantenduz?

Andoni Seijo: «Euskararen normalizazioa motelegia da. Honen erruduna ez da euskara erabiltzen ez duen herritar banakoa, ezta ikasi nahi ez duenarena. Azken 20 urteotako agintarien axolagabekeria eta kontzientzia eza dira errudunak» («Berria», 2005-11-23). Guztiz bat nator Andonirekin. Herriaren inplikazioa behar dela eta antzeko kontu horiek frakasoa zuritzeko baino ez dute balio.

Mikel Morris: «Orotariko Hiztegia berriro gaztelaniaz egingo balitz, horrek adierazten digu Euskal Kultura (ez kultura), Hegoaldekoa behintzat, Espainiako kulturaren adar hutsa dela, zenbait folklorekeria izan ezik, eta hori egia bada, ez dago euskal unibertsorik, erdal (español) orbita ziztrin bat baizik». Ezin da errealitatea argiago deskribatu.

EAEn euskara eta espainola biak dira ofizialak, baina espainola jakiteko obligazioa dago eta euskara jakiteko ez. Baina nola onartu zuen EAJk Estatutuan espainola jakitera behartzea eta euskara jakitera ez behartzea? Eusko Jaurlaritzak milioi euro asko xahutu ditu Administrazioa euskalduntzen, baina oso efikazia kaskarrarekin. Aski zuen, euskara ofiziala izanik, funtzionario izateko ere euskara exijituko zela Madrilek onartu beharra izatea. Hiru hamarkada hauetan sartu diren denak euskaldunak izango ziren, baita polizia integrala izateko bokazioz sortutako Ertzaintza osoa ere.

Estatutu hau EAJk Madrilekin negoziatu zuenean zen garaia, Madrili hortzak erakutsiz, estatutu soberanista bat lortzeko. Ez zuen hori nahi izan. Aukera paregabea galdu zen. Diruarekin, kontzertu ekonomikoarekin itsutu zen. Honek guztiak herri eta nazio bezala frustrazioa eta etsipena ekarri digu eta euskarari, berriz, diglosia hilgarrian nola edo hala ezinean jarraitu beharra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo