Froga berriak direla-eta, Amaia Azkueren epaiketak gaur jarraituko du
GARA | DONOSTIA
Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketaren azken saioa bertan behera geratu zen atzo arratsaldean. Defentsa abokatu Ioanes Labaienek froga berriak aurkezteko baimena eskatu zuen, eta eskaria onartu egin zuen epaimahaiak. Hortaz, gaur, 16.00etan, ekingo diote berez atzo amaitzekoa zen azken saioari.
Akusatuaren abokatuak diligentzia berriak eskatu izanagatik harridura azaldu zuen Miguel Castells familiaren abokatuak, Donostiako adin txikikoen epaitegi aurrean. Hala ere, Ertzaintzaren frogak sendoak direla esan zuen.
Epaiketak iraun duen egunetan egin bezala, atzo ere auzitegian izan ziren Amaia Azkue zenaren senideak. Haren lagun talde batek elkarretaratzea egin zuen epaitegiko atarian «Guztiok gara Amaia» lelopean.