Euskal mitologiaren bestelako ikuspegia, jainkoei barik lekuei garrantzia ematen diena
Claude Labat mitologia ikerlari eta irakasle ohiak lan mardula argitaratu berri du, «Libre parcours dans la mythologie basque» (Ibilbide askea euskal mitologian barrena), Euskal Herriaren historia eta kulturari buruz bizitza oso batean izan duen arduraren azken atala. Labaten obra ibilbide luze horren eta azken bost urteotan egindako lanen emaitza da, mitologiaren ikuspegi propioa eskaintzen duena. Liburuko ibilbideak, ibilbide libre horrek, uste sendo batera eraman du: mitologia ez omen da jainkoen kontua, lekuen kontua baizik, liburuak ere izan daitezkeen lekuak, alegia. Batetik, paisaiaren ikuspegia dago, zortzi «bizi-espazioak» biltzen dituena, baina bestetik denboraren ikuspegia ere eskaintzen du; hartara, legenda tradizionalez gainera, mitologia bihurtutako gertaera historikoak ere bildu ditu bere obran, eta horiek guztiak elkartu egiten dira gaur egungo leku eta fenomenoekin, denboraren ikuspegi hori ez baita antzinako garaietara mugatua, gizartearen etengabeko sorkuntza gisa sumatua baizik.
Labaten obra euskal mitologiaren bestelako ikuspegia da, ikuspegi pertsonal bezain aberasgarria eta, beraz, beharrezkoa, herri honen iragana eta, batez ere, oraina ulertzeko.