Makrokartzelak alboratu eta sistema zigortzailea ikuskatzeko eskatu dute
Zubietako makroespetxearen aurkako manifestua idatzi dute hainbat gizarte eragilek. Agirian, delituaren trataeraren gaineko eztabaida sakona eskatzeaz gain, kartzela sistematikoki zigor gisa erabiltzea salatu dute. «Preso kopurua handituz doa etengabe», ohartarazi zuten.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Zubietako makrokartzelaren inguruan «irizpide eta argitasun falta» daudela iritzita, proiektuaren eraikuntzaren aurka agertu ziren atzo Donostian hainbat gizarte eragile, besteak beste, Salhaketa, Arrats, Loiola Etxea eta AHTren aurkako koordinakundea. Tamaina horretako eraikuntzak alde batera uzteko beharraz ohartarazteaz gain, azpimarratu zuten gaur egungo sistema dela irauli beharrekoa, eztabaida sakonaren alde apustu eginez. «Herritarron beharrei erantzungo dien delituaren tratamenduaren gaineko eztabaida politiko publiko eta parte-hartzailerik ez dago, eta behar-beharrezkoa da», esan zuten.
Aurka daudenen argudioetako bat, Salhaketako Cesar Manzanosek adierazi zuenez, Zubietako espetxea justifikatuko lukeen beharren inguruko ikerketarik eza da; eta berria eraikitzeko «aitzakia» Martuteneko espetxeak dituen gabeziak aipatzea dela gaineratu zuen. «Oinarrian dagoena ez da preso dauden pertsonen bizi baldintzekiko ardura -esan zuen-, baizik eta hirigintzari lotutako bestelako interesak».
Helburua presoak birgizarteratzea bada, manifestuaren babesleen aburuz, irtenbidea ez da kartzela, eta are gutxiago preso kopuru handiak hartzen dituen espetxeak eraikitzea. Biziarteko zigorra, bestalde, berriki mahai gainean egon den kontua da, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak ikuskatuko duela iragarri baitzuen. «Eskema hauek guztiak agortuak daude», adierazi zuten.
«Makrokartzela berrien eraikuntzan oinarritzen den Gobernuaren politika honek (...) gatazka sozialei erantzuteko modu bakar gisa kartzelatzea eta zigortzea aurreikusten du. Apustu hori da -jarraitu zuen- preso kopuruaren etengabeko hazkundearen arrazoia».
Aurka egiteko beste arrazoietako bat egitasmoak kondena bete beharra duten gipuzkoarren edo Gipuzkoan bizileku administratiboa duten pertsona kopurua aintzat ez hartzea da. «Bizilekua Gipuzkoan duten presoak 600 inguru dira, eta gehienak hain zuzen ere, kondena Gipuzkoatik kanpo betetzen dute», esan zuten.
Hitzarmenean aldaketak
Hedabideen aurrean azaldu zuten ardura helarazi zioten Lakuari, Donostiako Udal Gobernuari, baita bertan ordezkaritza duten alderdiei ere. Hain zuzen, aurreko astean Donostiako Udalak Madrilen SIEPekin (Estatu espainoleko kartzeletako azpiegitura eta ekipamenduak kudeatzen dituen erakundea) izan zuen bileraren irakurketa egin zuen.
Bilduko ordezkariek makrokartzelen aurkakoak direla baieztatu zuten bilkura horretan, eta jarrera hori «oso esanguratsua» dela iritzi zuen Manzanosek. Hala ere, gogoratu zuen gaur egun indarrean dagoen hitzarmena aurreko gobernuak sinatu zuela eta, beraz, udal gobernuak aurrerapausoak emateko «eskuak eta oinak lotuta» dituela erantsi zuen.
Salhaketako ordezkariaren ustez, Udalak baldintzak jar ditzake eraikuntza honen inguruan, baldin eta hitzarmena berritzen bada. «Baldintzen gainean eztabaidatu daiteke, baina ikusi beharko da zein terminotan».
Azkenik, Zubietako herritarren iritzia biltzea ezinbestekotzat jo zuten.
Publikoki eman diren datuen arabera, Zubietako espetxeak 15 hektareako eremua hartuko luke. Partekatzeko 504 ziega lituzke, beste 120 osagarrirekin. Orotara, 1.200 pertsonentzako edukiera izango luke.