«Lehen Mailatik Bigarren Mailara sekulako aldea nabaritzen da»
Futbolaria
Iñigo Velezek ederki ezagutzen ditu Lehen, Bigarren eta Bigarren B mailak, hiruretan jokatu baitu. Une honetan Jerezen ari da, eta cadiztarren taldeko jokalaririk garrantzitsuenetakoa da. Denboraldi bikaina egiten ari da, gainera. Hamaikakoetan ohikoa da eta golak lortzen ere ari da. Taldea ez dabil, ordea, espero zen bezain ongi, eta horrexek ematen dio penarik handiena jokalari gasteiztarrari.
Jon LEUNDA
Iñigo Velezek lehen denboraldia du Jerezen. Arabarra gustura dago bertan. Aurretik, Aurrera Vitorian, Espanyolen, Eibarren, Murtzian, Athleticen eta Numantzian ibili zen jokalari gasteiztarra.
Nola zabiltza Jerezen?
Oso gustura. Jokatzen ari naiz, golak sartzen ere bai, eta ez nago kexatzeko moduan. Hasiera batean, taldeak goian ibiltzea zuen helburu, baina hori ez dugu lortu, horixe izango da aurtengo aitzakia bakarra.
Zer gertatu zaio taldeari goian ez ibiltzeko?
Guk ere ez dakigu. Bolada txar bat izan genuen, eta hor atzeratu ginen. Une honetan goiko taldeak harrapatzea oso zaila daukagu, baina behean sartzea ere bai. Dena dela, saiatu behar dugu ahalik eta ongien amaitzen, eta ea bolada oso on batekin hor goian sartzen garen.
Bigarren Maila esaten den bezain orekatua al da?
Bai, bai. Hemen ezin duzu atsedenik hartu. Bi edo hiru partida jarraian irabazten badituzu, goian sartzen zara, baina galtzen badituzu, behean zaude. Ezin duzu atsedenik txikiena ere hartu, bestela ezusteren bat izaten baita.
Asko nabaritzen al da Lehen Mailatik Bigarren Mailara dagoen tarte hori?
Ikaragarri. Lehen Mailan bertan ere alde handia dago Bartzelonaren edo Real Madrilen aurka jokatzen denean eta handik Bigarren Mailara sekulako jauzia dago. Hala ere, Lehen Mailatik Bigarrengora dagoena baino alde handiagoa dago Bigarren Mailatik Bigarren B Mailara.
Eta Soriatik Jerezerako aldea?
Hori ere ikaragarria. Ipar polotik Karibera joatea bezalakoa izan da. Sorian neguak oso hotzak dira. Askotan urritik maiatzera bitarte sekulako hotza egiten du, eta hemen askotan 18 graduren bueltan ibiltzen gara, pentsa zer nolako aldaketa dagoen. Klubei dagokienez, ez horrenbeste. Taldeak ezberdinak dira, jokatzeko era ere bai, baina biak Bigarren Mailan daude. Soria, gainera, etxetik bi ordura dago, eta jai geneukan guztietan joaten nintzen etxera. Hau oso urrun dago, eta Gabonetan bakarrik joan gara etxera.
Esaten den bezain beroa al da horko jendea?
Bai, baina bai onerako bai txarrerako. Gauzak ongi baldin badoaz, sekulako festa izaten da harmailetan, partida guztian zehar, etengabe, animatzen dute taldea, baina gauzak okertzen hasten direnean, segituan hasten dira jokalarien eta entrenatzailearen aurka, txistuka-eta. Alde oso on bat badute, baina baita txarra ere.
Izan al duzu kobratzeko arazorik orain arte egon zaren taldeetan?
Ez. Hemen kobratzen ari gara, eta gainerakoetan ere ongi joan dira kontuak. Athleticen, Eibarren edo Numantzian, oso zaila da kobratu gabe geratzea, duten lan egiteko era oso ona baita, alde horretatik. Dena dela, orain kontuz ibili behar da. Lehen eskaintza bat jasotzen genuenean, zein mailatan jokatzen zuen eta zenbat kobratuko genuen jakitea zen garrantzitsuena. Orain eskaintza bat jasotakoan, kobratuko dugun edo ez jakitea da garrantzitsuena.
Etxera itzultzeko asmorik bai?
Zalantzarik gabe. Aurten kontrako bidea egin dut Soriatik Jerezera etorrita, baina eskaintza on bat jasoko banu, joango nintzateke. Hiru ume ere baditut, eta etxea beti etxea izaten da. Hala ere, Jerezen oso ongi hartu naute, eta hemen ere oso gustura bizi naiz.