Jaume Matasen ustelkeria, kudeaketa-eredu
Balear uharteetako (Herrialde Katalanak) presidente ohi Jaume Matasi sei urteko kartzela ezarri diote «Palma Arena auziko» lehen kasua epaitu ondoren. Jose Maria Aznarren Gobernuko ministro ere izan zen politikariak bere jarduera politikoa sustatzeko diru publikoa ematen zion Antonio Alemany kazetariari. Ez da auzitegi batek kartzela zigorra ezarri dion lehen ministro ohia; bai, ordea, lehen presidente autonomiko ohia. Eta epaitutakoa, administrazioetako hamaikagarren ustelkeria kasua. Ez da beharrezkoa Matasek egindakoa oso itsusia dela esatea, ez da beharrezkoa ustelkeria delitu larria -eta herritarrei lapurreta eta iseka egitea- dela esatea, Matas bera bat zetorren-eta horrelakoekin, bere alderdiko presidente eta gaur egun Gobernu espainoleko buru Mariano Rajoyren kudeaketa-eredu zenean behinik behin; izan ere, «Jaumek Balearretan egin zuena Espainian egiten ahaleginduko gara», esan zuen Rajoyk, beti eta beti Francisco Camps Valentziako presidente ohiaren aurrean, atzean eta alboetan izango zela ere esan zuenak. Eta ikusteko dago eredu horri jarraitzen dion, baina bere presidente eredugarri haiek goraipatzetik haiei zorte ona opatzera igaro zen, eta ondoren isiltzera. Jaume Matas ez da salbuespena, ezta hurrik eman ere, baina bai Estatu espainolean ustelkeria maila guztietako kudeaketa-eredu den erakusgarri.