Mikel Aramendi Kazetaria
Koldarkeriaren normalizazioa
Ez-beligerante babesgabeenen aurka gauzatzen denean ere, koldarraren agresibitatea «normala» da. Noski, horrela, koldarkeria, deitu gabe; PTSD, trauma ondoko estresaren nahasmena, deitzen diote orain. Gaixotasun bat, agidanez
My Lai-ko sarraskiaren oihartzunak berpiztu dira, lau hamarkada beranduago, Robert Bales sarjentuak duela hamar egun Panjwain burutu zuen hilketa asaldagarriaren ondotik. Obama bera ere hitza atera beharrean aurkitu da, bi gertaeren arteko kidetasunaz galde egin diotenean: «Ez dira konparagarriak; [oraingoan] gizon bakar bat izan dela ematen du». Pozez hartu beharko dugu ez duela jo gisako beste alderaketa baten ildotik; demagun, «ez dira konparagarriak; orduan askoz gehiago izan ziren hildakoak»... Bejondeiola, edonola ere: Afganistanerako darabilen estrategia jota utzi dion izugarrikeria horretaz egiten duen hausnarketa guztia hori bada...
Badira, noski, alde handiak Calley tenientearen Charlie konpainiak 1968ko martxoaren 16an Hego Vietnamgo My Lai eta My Khe herrixketan egin zuenaren eta Robert Bates sarjentuak -bakarka, agintari estatubatuarrek diotenez- aurtengo martxoaren 11n Afganistango Kandaharreko Panjwain burutu duenaren artean. Baina, alderaketa egin eta konklusioak atera nahi badira, azalean ez geratzea komeni da. Adibidez, biktimen kopurua askoz txikiagoa dela oraingoan (375 eta 500 artean hil zituen Calleyren konpainiak; 16 «besterik» ez ditu akabatu Balesek) argudiatzen bada, baita ere esan beharko da biktimen tasuna berdin-berdina dela bi kasuetan: haur eta emakumeen gehiengo oso zabala, eta armadun bat bakarra ere ez. Beste hainbat ezberdintasunek, gainera, gaiztotu egiten dute Panjwain jazotakoaren balioespena: ondorio politiko, diplomatiko eta militarrak My Laikoarenak baino askoz okerragoak izango direla apustu egin daiteke, adibidez.
Benetako ezberdintasun garrantzitsua, agian, beste nonbait legoke eta ez da, hau ere, arestian ikusi duguna hobesten laguntzen dutenetakoa. My Laiko sarraskiaren lekuko izan eta ia bi urtera, Armada utzi eta gero, Haeberle argazkilariak hedabideei saldu zizkienean sarraskiaren argazkiak, estatubatuar gehienek ez zuten zalantzarik eduki: gerra krimen izugarria zen hura. Eta gogo gehiago edo gutxiagorekin, erantzuleak aurkitu eta epaitzeari ekin zioten, mundua begira zutela jakinik; azkenean, Calley tenientearen lepora erori zen fardeltxoa, bere azpiko guztiek aginduak bete (omen) zituztelako eta gaineko guztiek halako agindurik eman ez (omen) ziotelako. Pete Seeger-ek baten batzuk Nurenbergerako azken trenean bidali bazituen ere...
Oraingoan, ordea, hiltzaile koldarra (koldar askorengan beldurrak sutzen duen agresibitate basatiaren agerraldia izan baitzen Panjwaikoa, beste ezer ez) «ulergarri» egitera zuzendutako prentsa kanpaina sutu dela esan daiteke. Eta, bidenabar, errugabea dela ondorioztatzera. Ez-beligerante babesgabeenen aurka gauzatzen denean ere, koldarraren agresibitatea «normala» delako. Noski, horrela, koldarkeria, deitu gabe; PTSD, trauma ondoko estresaren nahasmena, deitzen diote orain. Gaixotasun bat, agidanez.
Bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten Calley tenienteari; hiru urte eta erdira aske geratu zen, eta lasai asko bizi da. Zenbat denbora egingo du giltzapean Balesek? Egizue apustu.