GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Parte-hartze prozesua egokia bada, heziketa eta eraldaketa prozesu bilakatzen da»

p013_f01.jpg

Arantza Ruiz de Larrinaga
Gipuzkoako Aldundiko parte-hartze zuzendaria

Irakasle eskolan lizentziatua da, baina irakasle gisa gutxi aritu da Arantza Ruiz de Larrinaga (Donostia, 1965). Bere zeregina parte-hartze eta eraldaketa prozesuetan garatu du gehienbat, batez ere Hego Amerikan. Hain zuzen, El Salvador zazpi urtez izan zuen bizileku. Azken hamabost urteotan, besteak beste, euskararen normalizazioren eta berdintasunaren aldeko proiektuetan aritu da lanean.

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

«Parte-hartzea» hitza ekintza bilakatzeko asmotan, Gipuzkoako Aldundiak Udalen Parte-Hartze Sareak izeneko tailerrak garatu zituen. Herritarrez gain, zinegotziek, alkateek eta udal teknikariek parte hartu dute bertan. Saioetan elkar ezagutu, helburuak zehaztu eta estrategiak irudikatu dituzte, besteak beste. Proiektu berria da, baina lehen fruitua eman du, bertatik sortu baita koordinazio taldea. Talde hau arduratuko da egindako plangintzaren garapena bateratzeaz.

Partaidetzarako bideratuko diren diru laguntzen eskariek ere nabarmen egin dute gora. Aurreko lau urteetan 30 eskari egin ziren bitartean, lehenengo deialdi honetan, 128 jaso ditu Aldundiak. Herri mugimenduak oraindik garaiz dabiltza, haientzako laguntza hilabetez egongo baita irekita -informazio gehiago erakundeko webgunean, diru laguntzen atalean-. Guztira, 690.000 euroko diru poltsa prest du erakunde publikoak.

Zer da parte-hartzea, eta zeintzuk dira bere ezaugarriak?

Oinarrian, erakundeek herritarrak eta haien iritziak kontuan hartzea da, baina ez da gauza finkoa, landu behar den gaiaren arabera metodologia bat edo beste garatu behar baita. Argi daukagu herritarrak inplikatu behar ditugula erakundeen zereginetan, eta ezagutu dezatela zertan gabiltzan. Horretarako informazioak denon eskura egon behar du, hau da, gardentasuna funtsa da. Hortik abiatuta, ezinbestekoa izango da eztabaida sustatzea, baina bitartekoak jarri behar dira jendeak horren inguruan iritzia eman dezan. Parte-hartzeari esker, elkarlan horri esker, beste ondorio batzuk ateratzen dira, inoiz pentsatu ez diren alternatibak sortzen dira.

Prozesu hori guztia modu egokian garatzen bada, hezkuntza prozesu bilakatzen da, baita eraldaketa prozesu ere. Horrek denoi ikasteko aukera ematen digu, gauzak beste modu batean ikusteko. Honela, gure herria eraldatzen joan gaitezke, herritarrak subjektu aktiboak izanda, gainera.

Erakundeen eta gipuzkoarren arteko etena zegoela atzeman al zenuten?

Aurreko legegintzaldian egon zen halako saiakera, baina herri batzuetan parte-hartze prozesuak oso barneratuak dituzte, adibidez Hernanin, Lezon eta Zumaian. Hor berez bultzatu dituzte ekimenok.

Bestetik, Gipuzkoako egoera politikoa dela-eta, udaletako apartheid-arekin, lurraldeko egoera baldintzatuta egon da hamar urtez. Erakundeak ez ziren herrien errealitatearen isla. Uste dut horrek eragina izan duela. Legegintzaldi honek aldaketa nabarmena markatuko du; iruditzen zait herritarren legegintzaldia izan daitekeela.

Prozesu zehatz hau alde batera utzita, termino orokorretan, jendeak parte hartzen al du? Erakunde zareten aldetik, aintzat hartzen al duzue erantzuna agian ez dela aurreikusitakoa?

Faktore hori beti hartu behar da kontuan, horregatik oso garrantzitsua da komunikazioaren alorra ondo lantzea, jendea motibatu egin behar da, herritarrak dauden horretara hurbiltzea inportantea da. Gainera, parte-hartze prozesu bat hasi baino lehenago identifikatu egin behar da zer den egin nahi dena, harremanetan jarri jendearekin... aurretik lan handia egin behar da, deialdiarekin bakarrik ezin da aretoa betetzea espero.

Bestalde, askotan, iritzia emateko aukera ez dagoenean eskatu egiten da, eta ematen digutenean ez dugu erantzuten, beste lehentasun batzuk direla-eta.

Zeintzuk dira herri batek parte-hartze prozesu baten bidez landu ditzakeen gaiak?

Asko, pila bat, horregatik diru laguntzen eskaria oso irekia utzi dugu. Azkenaldian, adibidez, herri askotan udalaren aurrekontuak landu dira.

Hirigintzako plan orokorra ere eztabaidatzen da, eta hori oso garrantzitsua da; izan ere, bertan planteatzen baita hurrengo hamar urteetan zein azpiegitura eta etxebizitza egingo diren. Arkitektoek egingo dituzte eraikinak, baina herritarrak dira herria ezagutzen dutenak, eta haien iritziak kontuan hartzen dira. Emaitza ezberdina da, ez da teknikariek planteatutakoaren berdina. Lezok, esaterako, hala egin zuen.

Harreman sarea eratzeko bidean, zein da sare sozialen eta teknologia berrien papera?

Kontuan hartu beharreko alor bat da. Hain justu, Sare prozesu honen emaitzetako bat da honetaz arduratuko den lan taldea. Gune bat eratuko dugu teknologia berrien bidez elkarlan hori bultzatzeko, Gipuzkoako parte-hartzea hor jasotzeko. Horrez gain, erreminta kutxa bat sortu nahi dugu herritarrek eta erakundeek prozesu zehatzetan erabili ahal izateko.

 

KONFIANTZA

«Sortu behar duguna konfiantza da, jendea parte hartzera ohituta dagoelako, baina herrian bertan, ez erakundeekin»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo