GARA > Idatzia > Kultura

Euskara eta ekologia batuko ditu «Ekogune»-k, sare zabal batean emanen den telesaio berriak

«Ekogune» Goiena Telebistak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean sortu duten telebista saioa da, gaurtik aitzinera ekologiarekin lotutako erreportaje, elkarrizketa eta aholkuak euskaraz eskainiko dituena.

p050_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Arina, freskoa, interesgarria eta euskalduna, sare zabal batean ikusiko dena; hala deskribatzen dute «Ekogune» telebista saio berria bere bultzatzaileek. Gaur hasita, asteazkenero emitituko dute, 22.30ean, Gipuzkoako hainbat telebistatan -Goierri, 28 Kanala, Erlo, Hamaika Donostia eta Goiena bera-, baita Oizmendin, Hamaika Bilbon eta Xaloan ere. Horretaz gain, Euskalteleko zuntz optikoaren bidez eta Internetez zabalduko dute.

Mikel Insausti Kutxa Ekoguneko zuzendariak aurkezpenean erran zuenez, Gazte Ekoliderren lehendabiziko edizioa egin zutenean, 2010ean, ekologiarekin lotutako telebista saio bat sortzea proposatu zuten bertako parte-hartzaileek. Ideia horri forma eman eta gaur abiatuko da proiektua, Kutxa Ekogunearen filosofia edo helburu berarekin: «Euskal gizarteari, ekologiaren arloan, kontzientziatik ekintzetara igarotzen laguntzea, ikuspegi praktiko batekin». Insaustik nabarmendu zuenez, euskaraz egindako mota honetako aurreneko saioa da, eta «ez da kasualitatea».

Hizkuntza eta kultura aniztasuna jorratu nahi dute, euskara eta ekologia uztartu, hori dena era praktikoan. Oihane Agirre Goiena Komunikazio Taldeko kideak adierazi bezala, erronka berri bat da, eta hagitz garrantzitsua da abiapuntua: elkarlana, Ekoguneak eta Goienak ekoiztu baitute saioa, bien jakintzak batuta.

Zalantzak partekatuz

Ahots anitz biltzea dute asmoa, aditu ugari, hainbat atal izanen dituen programan. Astero erreportaje bat eginen dute -gaurkoa, adibidez, urari buruzkoa izanen da-, elkarrizketa labur bat, plan proposamen batzuk -eskulanak, erakusketak, astebururako ekintzak...-, baita zozketa ere, ikusleei saioan erakutsitako zerbaiti buruzko galdera bat erantzuteko eskatuta. Kalean ere jendearengana hurbilduko dira, adibidez, birziklatzearen inguruan zer jarrera duen ikusteko. Iban Arantzabal Goienako ordezkariak argitu zuenez, hurbileko saio bat egiten saiatuko dira, zalantzak partekatuz, bidea herritarrekin batera eginez, ekologiaren gaian dena ez dagoelako errana.

Horregatik, zortedunak sentitzen dira Goienakoak elkarlan honetan, izugarri dutelako ikasteko eta ekarpen moduan zabalpena egin dezaketelako. Zabaldu bakarrik ez, euren enpresan ere jorratu nahi dute ekologia.

Astero, www.ekogunea.net atarian zintzilikatuko dituzte saioak eta sare sozialetan, Julen Iriondo erreportariak bat-bateko informazioa emanen du Twitterren eta Facebooken. Euskarri ezberdinak erabiliko dituzte, beraz, eta edukiak libreak izanen dira, Creative Commons lizentziarekin, jatorria aipatuta edonork baliatzen ahal ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo