GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko dendekin ospatuko du Guggenheim museoak hamabosgarren urteurrena

GARA | BILBO

Guggenheim Bilbao Museoak hiriko dendekin ospatuko du bere hamabosgarren urteurrena, ia 300 denda batu baitira ospakizunen baitan antolatutako ekimen batera, erakusleihoak apainduz.

Museoak Alde Zaharreko eta Erdialdeko dendari elkarteekin batera antolatutako ekimenaren berri eman zuten atzo, eta jakinarazi zutenez, elkarteotako saltokiek museoaren urteurrenaren omenez, irudiz apaindu dituzte erakusleihoak, ospakizuna Bilboko biztanleei eta bisitariei hurbiltzeko. Apaingarriak ekainaren 25era arte izango dituzte jarrita.

Ekimen hau Bilboko Udalaren babesari esker eta Bilbao Ekintza egitarauaren bidez egin dute, eta denda ertainek zein txikiek esku hartu dute, jardun mota askotakoek; hala nola, bitxigintza, argazkigintza, oinetako eta elikagai arlokoek, osasun zentroek eta, batez ere, moda, etxeko dekorazio eta ostalaritza sektorekoak. Bilbao Centro eta Alde Zaharreko dendari elkarteek lotu dituzte ekimenera dendak, eta askok parte hartzea lortu dute.

Aurreko esperientziak

Lehenago ere antzeko ekimenetan esku hartu dute dendari elkarte horiek, Bilbao Centrok 2008an «Surrealismoaren gauzak» izeneko erakusketarekin, eta Alde Zaharreko dendariek, aldiz, 2009an «Murakami» erakusketaren karietara. Horiek ere arrakasta handia izan zuten dendarien artean; bakoitzean ehun bat dendak esku hartu zuen.

Oraingo honetan, Bilboko merkataritza gune handi bi elkarrekin parte hartzen ari dira ospakizunean; hori dela-eta, hirurehun bat dendatan egongo dira apaingarriak udaberri osoan.

Museoaren urteurrenaren inguruko argibide gehiago nahi duenak, baita ekimen honen gainekoak ere, honako helbidera jo dezake: http://www.guggenheim-bilbao.es/15_aniversario/?idioma=eu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo