GARA > Idatzia > Kultura

EHZ jaialdia «donostiarragoa» izango da, eta Donostia Heletaraino «luzatuko» da

Euskal Herria Zuzenean elkarteak eta Donostia Kulturak sinatutako akordioari esker, Heletako jaialdi erraldoiaren eta Gipuzkoako hiriburuaren arteko lotura estuagoa izango da. Lehen emaitza, bihar bertan.
p049_f02.jpg

A.E. | DONOSTIA

Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, bihar, 21.00etatik aurrera, Euskal Herrira Zuzenean lehiaketako finalerdi bat jokatuko da. Formula berria denez, izenari ere «ukitu» berezia eman nahi izan diote; beraz, hori da EHZ izenari «r» bat gehitzearen arrazoia.

EHrZ lehiaketako hiru taldeek jo ondoren -The Enterprise, Vuelko eta Materia Gris bandak-, epaimahaiak bat aukeratuko du, apirilaren 14an Biarritzeko Atabalen jokatuko den finalean parte hartzeko -Anai Arreba eta Bluestock taldeekin batera-. Kontzertuari bukaera emanez, Vendetta-k joko du, eta «Puro Infierno» azken diskoa aurkeztuko dute bertan.

EHZko laguntzaileentzat, gainera, eta «hainbeste izerdi bota ondoren» autobusak antolatuko dituzte Ipar Euskal Herritik jendearen joan-etorria errazteko.

Atzo goizean ofizialki Donostian sinatutako hitzarmenaren lehen emaitza hau den arren, guztira hiru urteko iraupena duen akordio honek hiru ekimen biltzen ditu.

Hau dela eta, EHrZko lehiaketako irabazleak Donostiako Aste Nagusiko programazioaren barruan joko du, horretarako antolakuntzak eskainiko dion espazioan. Eta, alderantzizko bidea ere hartuko du, Euskal Herria Zuzenean festibaleko eszena batean (Antxarteta izenekoa) tarte bat utziko baitiete urtero Donostia Kulturak bultzatu nahi dituen talde batzuei.

«Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko loturak indartzea eta mugak urteetan eragin duen etena gainditzea» da bi erakundeen asmoa, atzo adierazi zutenez. Eta, horrez gain, mugetatik at joan nahi duen lankidetza hitzarmen honek, helburu nagusi bat du: «Musikaren alorrean egiten diren ekimen eta sorkuntza egitasmoen inguruan hartu-emanak bultzatu, ezagutza sakondu eta elkarren arteko laguntza eskaintzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo