Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren malkoak
Ezin ditugu auzokoen teilatuetara desbideratu gure barruko sentipenak. Arnasa hartu eta denetarik aurkituko dugu gure bizitzaren baratze basatian. Baratze txukunek politak dirudite, bizitzak ez dio beti irudiaren ispiluari begiratu behar, irudia bera bizitzaren aurretik jartzen ohi dugulako. Negar. Malko. Abesti askotan bila dezakegu malko erakargarri eta aurrerakoiren bat. Negar zotinetan ez dugu ahaztuko izorratzen gaituen horrek bere bukaera izango duela, baina lagunduko digu geure buruaren jabe izateko ardura guztiak geure eskuetan daudela. Ez da erraza pentsamoldeak aldatzea. Zoriona bada pertsona bakoitzaren egoera naturala, nahikoa indar jartzen dugu baldintza horiek zapuzten.
Kantu batek ekar dakiguke malko zoriontsua, zotin bizizalea, negar erakargarria. Barruko ideiekin ezin da espekulatu nahiz eta sistemak joera bikaina duen horretarako. Erabaki geuk atera nahi dugula sartu garen arazoetatik. Ez diezaiogun iruzur egin norberari. Miseria eta zekenkeriaren mapak burmuineko GPStik aldentzeko une bakoitza izugarri bikaina da. Kantu baten indarrak malkotan leher daitezke, malko zoriontsuetan. Doctor Deseo taldearen singlearekin («¡Cuánto frío hace en Saturno!») edonoiz gerta daiteke. Adibide asko dago.