GARA > Idatzia > Kultura

Martxoko Etiopikoak jaialdiak baratzezain eta okinen artea azaleratu du, musikariak lagun

Astelehenean hasi zen Baionan sei eguneko egitarau oparoa, eta animazio ugari izaten ari da hirian horren karietara. Artisten eta herritarren arteko harremana sustatuz, baratzea eta okindegia izan ziren atzo topaleku.

Ainize BUTRON | BAIONA

Astelehenean abiatu zen Baionan Martxoko Etiopikoak jaialdia, Bokaleko burdinolan arituriko langileei omenaldi hunkigarria eskainiz. Hainbat artisten hitz eta doinuen artean, Santa Katarina karrikako saltegietako berinak behargin horien irudiekin estali ziren.

Santespiritu auzoko karrika nagusi horri, argazkiz josia den horri, izendapen berria jarri diote artistek jaialdiak iraunen duen sei egunetarako: «Kemenaren kalea». Baina garai zaharren oroitzapenetik at, egungo hiriko bazter ezkutuak ezagutzeko ere aukera ematen duen jaialdia da Martxoko Etiopikoak, betiere artisten laguntzarekin.

Atzo Secours Catholiques (Caritas) elkartearen egoitzaren gibelean kokatutako baratze kolektibo bati bisita egin zioten artistek.

Goizean, bertan gosari oparoa egin ondoren, baratzezainei eman zieten hitza. Udaberriko lehen egunean, Saint-Joseph ikastetxeko hogeita hamar bat gaztek lurra irauli eta haziak ereiteko aukera izan zuten. Baratzezainak berriz, bere «bizi osoko pasioa» tarte labur batean transmititzeko. «Lurra irauli eta haziak landatzea zorioneko ekintza bat da, hori eginez, nire biziaren jabe egiten naizelako», azaldu zuen Zac baratzezainak. Transmisio hori, haziaren ezagutzarekin hasi zuen baratzezainak. Bizia sortzen duen hazi hori «programatua» dela goraipatu zuen Zacek. «Hazia bizirik dago, hezetasun eta berotasunari erantzuten dio. Prozesu horretan nagusi bakarra eguzkia da», esan zuen.

Tomate, kuia txiki eta arbi haziak erein zituzten gazteek Santespiritu auzoko baratze ezkutu horretan. Bertan landatu zituztenekin batera, etxerako eramateko aukera ere izan zuten, plastikozko lorontzi batean, landarea hazten ikusteko.

Tarte batez musika edo olerki doinuetatik aldenduta, baratze ixil horretan, baratzezainaren artea hedatu eta ezagutarazi nahi izan zuten antolatzaileek.

Okindegitik etxebizitzetara

Baratzezain aditu eta sortu berriak lurra iraultzen utzi, eta, goizeko bigarren hitzordua Santa Katarinako Ogi-Ona okindegian emana zuten artistek. Labetik atera berriak zituzten ogi bero eta pastelen artean, musika doinuak zabaldu zituzten.

Ogia dastatzetik, Aturri ibaiaren bazterreko Bergeret kaira jo zuten berriz musikari eta kantariek. Ondotik, Baionako herriko etxean Emausen ekitaldian parte hartu zuten, eta kontzertu ibiltari horrek karrikaz karrika iluntzera arte jarraitu zuen Baionan barrena.

Besteak beste, Muscar kaleko etxe batean elkartu ziren musikariak, hainbat ikuslerekin batera, eta bertan Christine Martineau biolin-jotzaile eta abeslariak emanaldi-kantaldi berezia egin zuen. Beste hitzordu bat Oreka zirku eskolan jarria zuten, hori ere Santespiritu auzoan.

Itxaro Borda eta Mylene Charrier idazleek poesia errezitaldia egin zuten euskaraz eta frantsesez, aretoan kontrabaxu doinuak zabaltzen ziren bitartean. L'Atalante zinegelan jarraitu zuten kalejira, bertan Marc Lafaurie kantariaren «Le condamné à mort» abestia jo zutelarik.

Atzoko azken geltokia Lagunen Artean jatetxea izan zen. Ondoko egunetan gisa horretako beste hainbat emanaldi izanen dira Baionako karrika, plaza, areto, etxe eta abarretan Martxoko Etiopikoak jaialdiari esker.

Fitxa

Lekua: Baionako karrika, plaza, areto, etxe, liburutegi eta saltegietan.

Egunak: martxoaren 24a arte.

Antolatua: Ezkandrai elkartea.

Sartzea: Emanaldi gehienak doakoak dira, edo borondatearen arabera ordaindu daitezke. Gaueko kontzertuen sarrera 10 eurokoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo