GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Armen hipokrisia

Munduan saltzen diren arma guztien %75 bost estatuk saltzen dute, Frantzia tartean: munduko laugarren arma-saltzailea da. Urtero milaka milioi euro irabazten du armak ekoizten, saltzen eta hedatzen. 2010ean arma salmenta bere BPGaren %2,3 izan zen eta 2007-2011 bosturtekoan arma salmenta %24 handitu zen aurreko bosturtekoarekin aldenduta.

SIPRIk (Stockholm International Peace Research Institute) ematen dituen datuen arabera, arma-erosleak izaten dira garapen bidean dauden estatuak. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, 30 milioi pertsona hil dira armaz munduan, eta horietarik 26 milioi arma arinek erailda, ez misilen edo bonbardaketen eraginez.

Azken egunetan frantziar batek zazpi pertsona hil ditu arma arinaz, eta arma berak hil ditu Tolosako hiru umeak eta irakaslea, soldadua eta Montauban-eko bi militarrak. Ez dakigu, baina, non ekoitzi zuten arma, baina Frantzia munduko laugarren esportatzailea dela jakinda, baliteke han ekoitzia izatea. Herenegun minutuko isilunea egin zuten zazpien omenez. Isilune segundo bakarra ez da egin fabrika frantsesetan egindako armek erail dituzten milaka hildakoren oroimenez.

Armek boterea finkatzeko balio dute. Nork agintzen duen adierazteko balio dute. Lapurtzeko balio dute, bortxatzeko, besteak zerbait egiten obligatzeko. Armek aberasteko balio dute, noski, modu lizunean aberasteko izan ere. Eta, bereziki, armek hiltzeko balio dute, bizia kentzeko, pertsonak akabatzeko. Baina urruneko pertsonak, please, etxekoak ez, arren, mingarria baita norberaren umeak tiroz akabatuta ikustea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo