Miren Perurena | Donostia
Ahuleziaren ondorioak
Malenkonia antzuak jotako gizarte bat izaten jarraitu nahi ez badugu, hartu beharra dago kokapen egoki baten determinazioa. Hortik hasten da guztia
Malenkonia erakargarria izan daiteke arteaz ari garenean, plazer estetiko gisa, baina bizitzarako ez da komeni leku handirik ematea sentimendu honi; hobe da gelditu, eta norberarekin zintzoa izanez, tristatzen zaituen horren arrazoiak aurkitzea zerorren baitako isiltasunean, adimenetik eta arretatik abiatuta, ez beste inoren laguntzaz, ez engaina.
Baina hara non, eta ariketa hori eginagatik ere, eta udaberri egun eder batek baikortasunera eramanagatik ere, irratsaio batean entzundakoak malenkoniara baino gehiago haserrera. Errealitatea baita gaur egun, adibidez bertsolari ezagun bat honoko albistearekin pozik agertzea: ba omen da institutu bat «euskara kanpoan promozionatzeko» sortua izan dena (etxean promozionatu behar ez balitz bezala, eta promozionatu badakigu nola egiten den aizue, nola egiten dute hizkuntza osasuntsu bat duten horiek?...) eta hain zuzen ere historikoki euskararen eta euskal nortasunaren etsairik eta zapaltzailerik handienen etxera, Madrilera joan behar dira espainiar hizkuntzen artean euskara aitor dezaten eta eurek ere promozionatzen lagun dezaten eskatzera.
Eta hor entzuten dugu espainiar ministroa euskaraz euskararekiko kantu bat egiten, zinez obszenoa. Esan behar euskaraz dugun irrati bakarretako batean entzuten ari nintzela hau, paradoxa ederra euskara osasuntsu baten alde baldin badaude. Bertsolari ezagunak «goi mailako urrats bat» ikusi du ekintza horretan, ikusten dut, bai, non bukatzen diren gure pakotilla iraultzak, Madrilen... «goia» hura izango da noski, eta «behea» non dagoen azaldu beharko liguke.
Ez dituzte bakarrik ejertzito baten indarra eta ondorioz legeak, gu urteetan eta mendeetan zehar menpe edukitzeko, eta piper potoa duen espainiar nortasun karneta poltsikoan eramatera behartzeko, eta «espainol guztiek demokratikoki» onartutako eskubideak, sozialak zein norbanakoak eman edo kentzeko; hori guztia nahikoa ez-eta, gainera, geu goaz eurek aitor gaitzaten, eurek «bedeinka» gaitzaten, espainiar gisa aitor gaitzaten; eta horren truke, gu zintzoak izango gara, eta jada «gauzak ongi egiten ari gara», gure herria ukatzen duen konstituzio bat besarkatuz -eta badakigu ukatzen den zerbait ez existitzea nahi dugula; beraz, ez izatea eskubiderik, existitzen ez denak ez baitu eskubiderik-. Hau, hain gauza erraza ulertzen bizitzako edozein esparrutan, politika eremuan (hizkuntza ere eskubide bat denez, politikak baitu honekiko azken hitza, hemen bezala Txinan eta toki guztietan, garai guztietan) ez dakit ze begi-gaitz motak eragozten digun hori gardentasunez ikustea.
Badugu garaia kontraesanei aurrez aurre begiratzeko, burujabetasunez eta libreki pentsatuz, eta «gure lider politiko» zein eragile sozialek esaten dituzten inozokeriak ez ditzagun geuk errepika, hainbat kontraesanen jabe egiten baikara horrela eta ustekabean geu zapaltzen gaituztenekin bat egiten baitugu, geure buruak geronen zapaltzaile bilakatuz. Zapaldua eta zapaltzailea aldi berean, nola jaten da hori?
Hortik aurrera, marko horretan, eskubide (hizkuntza, hezkuntza, kultura, lana, ekonomia, justizia, izana...) urraketa bakoitzarekiko protesta edota aldarrikapen zatikatua alferrikakoa bakarrik ez, hori baino askoz ere okerragoa da, etengabe gure oinarrizko eskubideak urratzen dituen sistema osoaren legitimatzailea da, aitortzailea.
Malenkonia antzuak jotako gizarte bat izaten jarraitu nahi ez badugu hartu beharra dago kokapen egoki baten determinazioa. Hortik hasten da guztia. Egun ona izan.