GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Heriotza Albanian (II)


Enver Hoxha buru, erregimen komunistak Kanun debekatu egin zuen, eta herritarrek kodea jarraitzeari utzia ziotela ziurtatzeko babes neurriak, hots, polizia errepresioa indartu egin zuen mendi-herrixketan. Hala ere, komunismoaren erorialdiarekin, hainbat komunitate Kanuna aplikatzera bueltatu ziren.

Kadarek erregimen komunistaren garaian jazotakoa zuen gogoan «Prilli i thyer» idatzi zuenean. Zentsuraren eraginez, ezin zuen gobernua zuzenean kritikatu; beraz, iraganean kokatu zuen nobela. Komunisten ordez, Tiranako klase ertaineko bikote ezkondu berri bat da Kanuna praktikatzen duten herritarrekin topo egingo duena. Senarrak Kanunari buruz zenbait liburu idatzi ditu, eta zinez harritzen du «antigoalekoak» diren ohiturek eta arauek hain denbora luzez iraun izanak.

Albaniako legedia tradizionalari deritzo Kanun, eta herritar ororen ekintzak, berdin du katolikoak ala musulmanak diren, arautzen ditu. XV. mendean Lekë Dukagjini printzeak kode itxura eman zion ahoz aho komunikatua izandako arau multzoari, baina haren idatzizko forma ez zen hemeretzigarren mendera arte heldu. Guztira, 1.262 artikulu biltzen ditu Kanunak, eta mendiko bizimoduaren alderdi oro jorratzen du: etxeko ekonomiaren antolaketa, abegitasuna, anaitasuna, klana, mugak, lana, ezkontza, lurrak, eta abar. Besa (ohorea) giltzarri da kodean, hark gidatzen dituelako norbanakoaren jarrera zein gizarte harremanak. Kanun aipatzen denean, baina, arau jakin bat gogoan izan ohi da: odol gatazken nondik norakoak azaltzen dituena. Odol gatazkek inplikaturiko bi familietako gizon guztiak hilak diren arte iraun dezakete.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo