Greba arrakastatsu baterako atxikimenduak
Patronalak langileen eskubideak nabarmen murriztu dituen lan erreforma txalotu du, ekonomia suspertzeko eta langabeziari aurre egiteko ezinbestekotzat joz. Hala ere, atzo bertan Confebaskek esan zuen aurten 10.000 langabe gehiago izango direla; beraz, erreforma horren ondorio argi bakarra langileen aurkako aspaldiko erasorik handiena da. 29ko greba orokorrari dagokionez, ordea, Confebaskek esan zuen ekonomian eragin txarra izango duela. Beste batzuetan, greba arduragabekeria dela esan izan dute. Ekonomian eragin benetan txarra izan duten jarduerak ez dira langileenak izan, hain zuzen, baina patronalari ez zaizkio arduragabekeria iruditu. Patronalak beldurra zabaldu nahi du grebaren aurrean, eta administrazioen laguntza du haren eragina gutxitzeko, gehiegizko zerbitzu minimoak ezarriz. Batzuek eta besteek honezkero grebaren arrakasta sumatu dute, nonbait. Izan ere, oso litekeena da arrakasta izatea, grebak jaso dituen atxikimenduak ikusita: atzo arte 900 enpresa batzordek bat egin dute harekin; haien artean, esanguratsua da Pasaiako Portuan ELA, LAB eta CCOO lehen aldiz ados jarri izana grebaren alde. Irakaskuntzan, aldundietan, udaletxe nagusietan eta oro har sektore publikoan ere atxikimendu ugari adierazi dituzte, eta ugariak dira, halaber eragile sozial eta politikoenak. Batzuek beldurra zabaldu nahi dute, arrakasta horren beldur direla erakutsiz.