GARA > Idatzia > Kultura

Hamaika Telebistak jauzi egin du sakelako telefonoetara eta tablet edo iPad euskarri berrietara

Bost botoi sakatuta soilik, Hamaika Telebistaren mamira sar daitezke orain ikus-entzuleak beren sakelako telefonotik, komunikabide honek aplikazio bat jarri baitu abian beste euskarrietara zabaltzeko.

 

GARA | DONOSTIA

Martxoan hiru urte bete zituen Hamaika Telebistak eta urteurrenari loturik hainbat berrikuntza aurkezten ari dira egunotan. Atzo erakutsi zuten bigarrena: telebista beste euskarrietan ikusteko aplikazioa, mugikorrean nahiz tablet edo iPad euskarririk berrienetan.

Joan den astean, Hamaika.tv web atari berritua jarri zuten erabiltzaileen eskura, hobekuntza nabariekin, eta Iñaki Uria telebistako zuzendari nagusiak eta Inaxio Esnaola komunikazio arduradunak atzoko aurkezpenean agertu zutenez, denbora gutxian harrera ona izan du web orriaren eraberritzeak. Oraingoan, Hamaika Telebista euskarri berrietan ikusteko aplikazio berezitua sortu dute. Hala, Android sistema duten mugikorretan ikusten ahalko da komunikabide nazional honen eskaintza, baita tablet edo iPad euskarrietan ere.

Aitzindaria

«Aplikazioa sinplea da, eta horregatik da erabiltzeko erraza. Bost botoirekin Hamaika Telebistaren mamia deskubritu ahal duzu nahi duzunean, nahi duzun tokian», nabarmendu zuten Uriak eta Esnaolak.

Mugikorrerako aplikazioaren ezaugarrien artean bat azpimarratu zuten Hamaikako kideek: aitzindaria da. Zuzeneko emisioa mugikorrean segitzeko aukera ematen duen lehendabiziko euskarazko telebista dira. Aplikazioa instalatu eta sare konexioa duen edozeinek telebista zuzenean ikus dezake bere mugikorrean.

Zuzeneko emisioarekin batera, beste lau aukera edo esteka eskaintzen ditu aplikazioak: «Hamaika.tv», web orriaren bertsio egokitura zuzenean sartzeko; «Saioak», programak berriz ere ikusteko; «Twitter», telebistaren twitter kontura sartzeko; eta «Facebook», facebook kontuan parte hartzeko.

Instalatzeko pausoak

Lehenago aipatu bezala, aplikazioak soilik Android sistema duten mugikorrentzako balio du. Eskuratzeko modua nahiko erraza da. Ezer baino lehen, mugikor bakoitzak duen dendara sartu (Market, Play Store) eta bilatzailean «Hamaika Telebista» idatzi behar da.
Gutxira azalduko da pantailan aplikazioa, eta instalatzeko aukera. Behin sakatuta, berehala instalatu eta erabiltzeko moduan egongo da.

Apple etxeko mugikor eta euskarrietan ere Hamaika Telebista ikusten ahal da, baina aplikaziorik gabe. Interneteko nabigatzailea erabiliz, «www.hamaika.tv» idatzi eta web atariaren bertsio egokitua kontsultatu ahal izango da euskarri bakoitzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo