Xabier Izaga | Kazetaria
Legeen misterioak
Espainian ez dute Canal+ France telebista kateak joan den astelehenean eman zuen dokumentalaren berri izan. Gehienek ez dute gogoratzen, nonbait, nor den Charles Pasqua. Euskal herritarrok, ordea, errazago gogoratzen ditugu, zoritxarrez, Barne ministroen izenak.
Esandako dokumental horretan, 1986 eta 1988 bitartean Estatu frantseseko Barne ministroa izan zenak berretsi egin zuen ondo genekiena. Gobernu espainolak gerra zikina bertan behera uztearen truke, euskal iheslari ugari jarri zituztela polizia espainiarren eskuetan. 1993 eta 1995 bitartean, atzera Barne ministroa izan zen Pasqua. Garai hartan diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, Errepublikako Justizia Auzitegiak kartzela zigorra ezarri zion, egun bat ere bete ez zuen arren. Hori beste kontu bat da, ordea.
Azkenaldion, euskal preso politikoen eskubideen urraketa eguneroko gaia da. Espainiar eskuinarentzat inoiz nahikoa ez den urraketa. PPren Gobernuak dagozkien eskubideen jabe izateko beren iragana gaitzetsi egin behar dutela dio, eta argitu gabe dauden kasuak argitzen lagundu. Biktima ofizialen esparrutik, gainera, zigorra «osorik» bete behar dutela diote (uler dezaket, ulertzen dut, baina ezin dut saihestu eurek ukatzen dituzten beste biktima batzuen jarrerarekin alderatzea).
Gerra zikinaren zenbat kasu daude ikertu, argitu eta zigortuta? Bakan batzuk baino ez. Zenbat kasu indar armatu espainolenak? Are gutxiago. Eta kasu horiengatik zigortu dituzten elementu bakanek osorik bete al dute zigorra? Ez naiz ari epaileak ezarritako urte kopuruaz, legeak ezarritako parametroez baizik. Zenbatek adierazi dute damua? Zenbatek lagundu dute argitu gabeko kasuak argitzen...?
GALen jardun armatuaren garaian Espainiako kartzeletan ziren euskal militante batzuek bertan jarraitzen dute oraindik ere. Noizbehinka entzun edo irakurri behar izaten dugu halakok 20 urte «besterik ez» duela bete, zigorra «osorik» bete beharko lukeela. GALekoek bezala? Joxe Arregi hil zutenek bezala? Galindo eta haren mutilek bezala? Oraintsu arte GALek bere jardun armatua bertan behera utzi zuela esanez justifikatzen zuten horientzako espetxe politika berezi hori. Eta egia da, baina oraindik GAL ez da desegin. Ez zituen armak entregatu... txorakeria galanta bota dut. Izan ere, nori entregatu behar zizkion?