Nafarroako konkistari buruzko liburuxka kaleratu du Antton Curutcharryk
A.B. | BAIONA
Antton Curutcharry irakasle izateaz gain, historian aditua da. Uztailean, Nafarroako konkistaren 500. urteurrena betetzen dela-eta, gai horri buruzko liburuxka kaleratu berri du frantsesez, Elkar argitaletxearekin. Berrogeita hamar bat orrialdetan, konkistak iraun zituen hamar urteetan izandako gertakariak ditu aipatzen.
«Nafarroako konkistak 1522ra arte iraun zuen. Hamar urte horietan gertakari asko izan ziren. Bi indar handi baziren parte bakoitzaren gibelean, Frantzia alde batetik, eta Gaztela-Aragoi bestetik; eta erdian, Nafarroa», argitu du idazleak. 1522an Amaiurren izandako borrokarekin bukatu zen konkista, Curutcharryk gogora ekarri zuenez. Hamar urteko tarte horretan ofentsiba saioak izan ziren. Horien artean, 1521ean, frantses armadaren laguntza izan zuten Nafarroako erregearen aldekoek. Gatazka horretan nagusitu ziren, baina Frantziak Gaztelan sartu nahi izan zuen, eta horrek gaztelarren kontra-ofentsiba eragin, eta gibelera egitera behartu zuten.
Konkista militarra
Mendeetan konkista horren inguruan izandako polemikak bazterrean utziz idatzi du liburua Curutcharryk. «Mendeetan polemika izan da ‘konkista’ hitzarekin. Gaur egun ez dago gehiago zalantzarik, konkista militar eta gogorra izan zen», argitu du. Hainbat elementu ikonografiko bildu ditu liburuan, gertakariak ulertzen laguntzeko.