GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaraz ikasten dutenek ez dute gaitasun titulurik aurkeztu beharko

Ikasketak euskaraz egin dituztenek administrazio publikoetan lan egiteko ez dute hizkuntza horretan ondo moldatzen direla egiaztatzeko ziurtagiririk aurkeztu beharko. Lakuak atzo aurkeztu zuen euskara salbuesteko dekretu berria apirilaren 17an sartuko da indarrean.

p018_f01.jpg

GARA |

Euskara salbuesteko dekretuaren azken bertsioa aurkeztu zuen atzo Lakuak. Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak Gasteizen adierazi zuenez, ikasketak euskaraz egin dituzten pertsonei administrazio publikoetan eta beste instituzio batzuetan lan egiteko hizkuntza hori ezagutzen dutela egiaztatzeko ziurtagiria eskatzea «ez dago justifikatuta».

«Logika aplikatzea da. Euskaraz ikasi duzu; beraz, euskaraz dakizu eta ez duzu egiaztatu behar. Berdin-berdin gertatzen da gaztelaniarekin: gaztelaniaz ikasi baduzu, ez duzu ezagutzen duzula egiaztatu behar», adierazi zuen. Hitzok, Blanca Urgell Kultura sailburuordeak ere berretsi zituen, Gasteizko Gobernuak euskararen alde lan egiteko jarrera «irmoa» duela azpimarratuz. Jarrera hori, gainera, «normaltasunetik eta herritarrentzat, lubaki eta banderetatik urrun eta pertsonengandik hurbil» dagoela erantsi zuen Urgellek.

Dekretua datorren apirilaren 3ko Gobernu Kontseiluan onartuko dute, eta apirilaren 16an argitaratu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta hurrengo egunean, alegia, apirilaren 17an, indarrean egongo da. Euskara salbuesteko dekretuak baina, 2008ko apiriletik geroztik lortutako tituluetan izango du eragina. Horrela, euskaraz ikasi dutenak salbuetsiko ditu tituluak aurkeztetik.

Ikasleek izango duten salbuespen maila bakoitzaren ikasketa mailaren araberakoa izango da. Hau da, Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren edo erdi mailako Lanbide Heziketako titulu bat duten pertsonek ez dituzte egiaztatu beharko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 mailaren titulazio baliokideak, betiere curriculumaren %50 baino gehiago euskaraz egin badute eta Euskara eta Literatura ikasgaia gainditu badute. Batxilergo edo goi mailako Lanbide Heziketako tituluek B2 mailako ziurtagiriak aurkeztetik salbuetsiko dute eta unibertsitate-ikasketekin C1 eta C2-raino irits daiteke.

Lanketa prozesua

Heldutasun maila honetara iristeko dekretuak prozesu «luze eta neketsua» igaro duela adierazi zuen Celaak. Prozesuan euskal hezkuntzako eragileen parte-hartzea egon da, besteak beste, UPV-EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea izan dira tartean. Euskadiko Eskola Kontseiluak ere parte hartu zuen, eta aldeko txosten bat aurkeztu zuen.

Urgellek adierazi zuen «gai horren inguruan izan daitekeen adostasun zabalena» dagoela orain, hain zuzen Hezkuntza eta Kultura sailburuek bitan aurkeztu baitute dekretua Gasteizko Legebiltzarrean. «Ez zen funtsezko eragozpenik jarri zuen talderik izan», gehitu zuen.

Gaur egun, 37.000 pertsona ari dira ikasten HABEko euskaltegietan eta %25 baino gehiago 16-25 urteko gazteak dira. Gazte horiek salbuespenei buruzko dekretuaren onuradunak izan daitezke. Dekretuak eragiten dion orok euskarazko ikasketak hizkuntza eskola ofizialetan jarraitu ahal izango ditu, haren ikasketek ematen dioten salbuespen mailatik abiatuz.

2008ko apirila

Dekretuak atzeraeraginezko ondorioa izango du, eta 2008ko apirilaren 16tik aurrera lortutako titulu guztiei eragingo die, orduan egin baitzuten Lakuak eskainitako euskarazko tituluen eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arteko homologazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo