GARA > Idatzia > Ekonomia

«Lege berriarekin, bai ala bai, soldata jaitsiera aplikatu ahal izango digu enpresak»

p023_f01.jpg

Unai Astarloa
Alfako langilea

Eibarren kokatua den Alfa konpainian egiten du lan. Abendutik hona enpresak proposatutako soldata jaitsieraren kontrako borrokan dabil bere lankideekin batera. Oraingoz kontsulta epean daude, baina ostiralean agortuko da epe hori eta orduan jaitsiera ezartzeko aukera izango du enpresak.

Iraia OIARZABAL | EIBAR

Alfako langileek hiru hilabete daramate enpresak aplikatu nahi dien soldata jaitsieraren kontrako borrokan. Larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Eibarren eta aste honetan zehar lanuzteak egingo dituzte. Enpresaren proposamena onartu ezean, kaleratuak izango direla adierazi die. Larunbatean negoziaziorako kontsulta epea amaitu zen eta orain derrigorrezko arbitrajean daude LanHarremanen Kontseiluan, azken hitza ordea, enpresaren esku dago. Epe guztiak agortuta, lege berriaren arabera, enpresak jaitsiera aplikatu ahal izango du. Unai Astarloak langileek bizi duten errealitatera hurbildu gaitu.

Langileei soldata jaitsi nahi dizue enpresak, ezta?

Bai, soldataren %10eko jaitsiera aplikatu nahi du; helburu horrekin zebilen abendutik, eta Rajoyk erreforma mahai gainean jarri dionean, gurekin akordiorik ez duenez behar, bide hori hartu du. Onartu ezean, kaleratu egingo gaituzte.

Zein da enpresaren egoera ekonomikoa?

Konpainia galerak pairatzen joan da krisia hasi zenetik, enpresa guztiek ez, baina talde bezala galerak izan ditugu. Gainera gogoratu behar da finantza zor handia duela. Enpresaren erantzuna argia izan da, eta ez du negoziatzeko zirrikiturik utzi, galera horiek gelditzeko neurriak hartu beharrean dagoela argudiatu du, eta hortik dator soldata jaitsieraren erabakia. Ez da ahaztu behar, ordea, pasa den urtean Alfak errekorra hautsi zuela fakturazioan.

Gaur egun zein da gatazkaren egoera?

Larunbatean kontsulta epea agortu zen, epe horretan lan baldintzak negoziatzeko aukera zegoen. Enpresak bere proposamena aurkeztu zuen, eta hamabost egunetan akordiorik lortu ez zenez, enpresak ateak irekita ditu nahi duena egiteko. Enpresak ez du negoziatu, berak berea jarri du mahai gainean eta gure esku utzi du. Baina guk zer negoziatu behar dugu ba? Ez dute beste aukerarik eman.

Guk bere garaian proposatu genuen langileenganako zorpetze bat egitea eta zorpetze hori bueltatuko zigutela negoziatutako epean, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Beraiek bariabilizazio bat eskaintzen dute, hau da, gure soldataren %90 finkoa izango da eta %10a irabazien araberakoa. Enpresak ezin duenez etekinik atera negoziotik, langileen soldatak murriztetik ateratzen du horrela.

Kontsulta epea amaituta, zer gertatuko da?

Lege berriaren arabera, hamabost eguneko epea akordiorik gabe bukatzen bada, hurrengo zazpi egunak pasatu ostean enpresak proposatutakoa ezarriko da. Hortaz, bai ala bai, soldata jaitsiera aplikatu ahal izango dute. Orain ordea Lan Harremanen Kontseilura jotzea erabaki du eta derrigorrezko arbitrajean gaude. Hamabost egunen barruan erabaki bat hartu beharko du, baina ez da ezer aldatuko. Enpresak berea eramango du eta arbitroak ez du eskumenik, enpresarena da erabakia. Tramite bat gehiago baino ez da, enpresak eskuak garbitzeko.

Beraz, Rajoyren lan erreformak eragin zuzena izan du Alfan.

Bai, zalantzarik gabe, legea onartu bezain pronto aplikatzera doaz. Gure kasuan soldata jaitsieran izango du eragina.

Nola bizi duzue langileek?

Estu dabiltzan familia eta langile askorentzat oso gogorra da. Seme-alabekin eta hipoteka ordaindu beharrean, eta kasu askotan etxean soldata bakarra sartzen delarik, horrelako neurri batek erabat zailtzen du egoera. Gainera, neurria gurekin negoziatu gabe aplikatzera doaz, guk aukera ezberdinak proposatu ditugunean.

Lan erreformaren aurretik gaude egoera honetan, mehatxuak jasaten eta kontra egin beharrean. Horrek ere langileen artean eztanda egiten du. Enpresa berak nahi zuena lortzeko asmoekin ibili da hiru hilabete hauetan langile guztiak beldurtu nahian. Jendea beldurtuta eta haserre dago.

Egoera honen aurrean, zer egiteko asmoa duzue?

Oraintxe bertan ikusten duguna da langileok mugitu beharrean gaudela. Gure aldetik mobilizazio batzuk deitu ditugu, lanuzteak egingo ditugu greba aurretik eta ostean, eta horiek ere gogortuz joan beharko gara. Ez dugu onartzen enpresak guretzako guztiz kaltegarria den neurri bat unilateralki aplikatzea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo