GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Alternatiba sendoa gauzatzen hasteko eguna

Biharko greba orokorraren arrakasta itzela aurreikus daitekeen gauza da. Haserrerako dauden arrazoiak, lantokietako asanbladetan egin dituzten bozketen emaitzak eta gizartean sumatzen den giroa ikusi besterik ez dago. Eragile sozial eta sindikalek lana barra-barra egin dute azken asteotan eta kontuak oso ongi joan dira. Langileriarekin bat langabeek, ikasleek, erretiratuek eta abar abartsu batek kaleak gainezka jarriko dituzte, protesta egun handietan gertatu ohi legez, martxan dagoen herri hau masiboki gelditzeraino. Grebak izango duen egundoko babes zabal horrek zalantzarako tarte gutxi uzten duen legez, biharamunak, ordea, ekarriko ditu ekarri ere, aurrera begirako adibide praktiko eta ereduen behar gorria. Antolatzaileek ongi dakiten bezala, grebari gerta dakiokeen okerrena bere baitan helburu, erritual edo egun bateko lore bilakatzea da.

Hortaz, biharko greba orokorra izan dadila, batez ere, egiazko aldaketa batetarako egitasmo zehatz eta alternatiba sendoa gauzatzen hasteko lehen eguna. Lehen-lehenik, pairatzen ari garen eraso eta murrizketa guztien aurrean erresistentziaren agenda izango duena, baina baita epe ertainera begirako euskal burujabetzarena ere. Aipatu bi agendok, elkarrekikotasunean elikatuz, elkartasunez jokatzen eta ardurak partekatzen dituen gizarte heldu bat mamitzen lagundu behar dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo