GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juan Karlos Ioldi

Mikel Insaustiri

«Al final del Túnel» dokumentalaren hire azken kritikaren harira hainbat zehaztapen egin nahi nituzke. Halaber, nire desadostasuna ere helarazi nahi niake.

Dokumental horretan pentsaera eta bizipen ezberdineko jendea agertzen gaituk. Doluaren samina, damua eta etsipena..., baina duintasuna eta itxaropena ere azaltzen dira. Gure herrian dauden bizipen anitz baino ez.

Baina bakoitza bere ibilbidearen ardurarekin...

Herri honetan, dokumen- tal/pelikula asko egin beharko dira oraindik, asko geratzen zaigu oraindik esateko eta egiteko.

Horrelako medioetan agertzeko borondatea, adorea da behar dena...

Hartzailearen edo ikuslearen abiapuntu ideologikoa kontuan hartuta, batzuk gehiago gustatuko zaizkigu, egokiagoak edo desegokiagoak irudituko zaizkigu, zuzendariaren baitan dagoelako zein forma eman azken produktuari. Sekula ere ez da egongo testigantza eman dutenen esku ardura hori eta zuk sei testigantzetan jartzen duzu osotasunaren ardura. Testigantzei zein ordena eman, non eta nola kokatu, zein makillaje eman ez dago gatazka honen parte izan diren kideen esku, ez eta testigantza eman dutenen esku ere. Zuk ondo ezagutzen duzun moduan, zineak errealitatea kontatzeko tresna asko ditu.

Horrexegatik hire kritikaren edukia larritzat jotzen diat, oinarririk gabekoa eta mingarria.

Ziurrenik hiretzat damua eta amorea hitz soil batzuk baino ez dituk izango, baina bizitzaren zati handi bat hitzetatik haratago herri honen askatasunaren alde jardun dugunontzat, hitz horiek bestelako esanahia diate... bizi irauteko duintasuna eta etengabeko borroka.

Eta horixe egin diagu urteetan barrena eta halaxe jarraitzen diagu.

Paperak dena eusten diola diote eta hitzak haizeak eramaten dituela, eta geratzen dena norberaren ibilbidea da. Hau da kontuan hartu beharrekoa eta ez besterik. Azken honekin geratuko nauk, Mikel.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo