GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Ander Elorriaga Atutxa | Bilbo

Asko dago jokoan

Oraindik izarak gorputzetik askatu ezinik nenbilela, lanera joateko esnatu berria, goizeko lehen orduan, irratia jarri eta izenik gabeko ahots lodi batek ozen adierazi du greba egiteko arrazoiak egon zitezkeela, baina biharko hitzorduak ez duela arrakasta izango «jendea» ez omen dagoelako «grebatarako», lanari eutsi eta gogor aritzeko baizik. Ez dut esango harritu nauenik halako argudio bat entzuteak, baina bat-batean halako amorru batek hartu nauela ere ez dut ukatuko.

Izan ere, jakin badakit irratiko solaskide horrek ez duela inoiz grebarik egingo, eta litekeena dela greba deitzen den bakoitzean arrazoiak egon bai baina greba egiteko «unea» ez dela argudiatzea. Denok ezagutzen dugu halako jendea, inoiz bustiko ez dena eta beti aitzakia zerrenda luzea prest izango duena.

Horiei guztiei esan beharko diegu baietz, greba orokorra egiteko hamaika arrazoi dagoela, eta horregatik, hain zuzen, bihar herri hau geldiaraziko dugula.

Euskal Herriko langileria greba egiteko eta edozein esparrutan borrokatzeko. Asko baitago jokoan. Lan baldintzak eta eskubideak jokoan daude, noski, baina baita eraiki nahi dugun gizarte eredua eta gure herriaren etorkizuna ere. Bihar greba dugu Euskal Herrian, eta, beste behin ere, ahobero guztiei erakutsiko diegu euskal langileok ez dugula gure herria galtzen utziko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo