Bost indar abertzaleek ekitaldia egingo dute Donazaharren Aberri Egun bezperan
Akordio estrategikoa lantzen ari diren unean, Batasuna, AB, Alternatiba, Aralar eta EAk Itsasuko oroitarria hautatu zuten apirilaren 7an Donazaharren egingo duten ekitaldia iragartzeko. «Aro berria, askatasuna eta bakea ekarriko duen aroa» dela aldarrikatuko dute bertan.
Arantxa MANTEROLA .| ITSASU
Aberri Egunaren karietara, duela bi astetik akordio estrategikoa lantzen ari direla aldarrikatu zuten bost alderdiek -Batasuna, AB, Alternatiba, Aralar eta EA- ekitaldia antolatu dute apirilaren 7rako, arratsaldeko bostetan Donazaharreko udal-aretoan.
Horrela jakinarazi zuten atzo Itsasun, Ipar Euskal Herrian 1963an ospatu zuten Aberri Egunean ezarritako oroitarriaren aitzinean.
Xabi Larralde honela mintzatu zen: «Elkarlan estrategikorako urratsak egiten ari garen uneotan, beharrezkoa iruditu zaigu deialdi bateratu hau egitea, ezkerreko abertzaletasunari mesede egingo diolakoan baikaude».
Hain zuzen ere, Itsasun duela 49 urte bildutakoen ekimena gaurko ezker soberanistarentzat «eredutzat» jo zuen: «Orduan Euskal Herri batuaren aldeko aldarria egin zuten, eta egun ere askatasunaren aldeko grinak eta goseak bizirik dirautela erakutsi nahi dugu».
Sinboloz beterikoa
Sinbolo historikoz jantzitako urtea ere badela gehitu zuen Batasunako mahaikideak. Nafarroako konkistaren 500. urteurrena eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena aipatuta, Ipar Euskal Herriko bi pentsalarik -Agosti Xaho eta Anton Abbadia- bakoitzak bere aldetik «Zazpiak Bat» kontzeptua sortu eta «egungo abertzaletasun modernoaren» bidea erakutsi zutela nabarmendu zuen, Xahoren ezkerreko errepublika zaletasuna aipatzea ahantzi barik.
Atzoko agerraldia egiteko hautatu lekua «nolanahikoa» izan ez zen bezala, aurtengo Aberri Eguneko testuinguru politikoa ere «nahi eta nahi ez berezia» dela gogorarazi zuten.
«Aukeraz beteriko testuinguruan murgilduak gaude. Irekitako aro berria Euskal Herriarentzat aro berri bat izango delakoan gaude, bakea eta askatasuna ekarriko duena», adierazi zuten Mertxe Colinak (AB) eta Aser Lertxundik (Aralar), Donazaharren egingo den ekitaldira ez ezik, Iruñean Independentistak sareak antolatutako ekitaldira ere deiadar eginez.
Aldez aurretik, EAren izenean, Maider Carrerek Itsasuko agiria irakurri zuen, 1963 urteko apirilaren 15ean Enbata mugimenduan bildutako abertzaleek Ipar Euskal Herrian lehen aldiz antolatutako Aberri Egunean plazaratu zutena eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako abertzaletasunaren mugarritzat jotzen dena.
«Euskal Herriko iparra eta hegoa lotuz, Donazaharretik Iruñera jauzi egiteko», Independentista sareak Iruñean antolatutako Aberri Egunera ere dei egin zuten bost alderdiek.