Grebari bultzada eman diote AHTren aurkakoek zein Eguzkik
GARA | DONOSTIA
AHTren aurkako Donostiako taldeak, lan- eta gizarte-eskubideen aurkako erasoari erantzuteko, grebarekin bat egiteaz gain, «Behar ez dugunetik murriztu dezatela» lelopean, AHTren eta proiektu txikitzaileen diru murrizketen alde egitera deitu du. Horren harira, AHTren aurrean begiak zabaltzeko garaia dela adierazi du, horrelako proiektu txikitzaileek kapitalismoaren ihesbidearen ikur baitira, desoreka sozialen areagotzea ez ezik, Lurraren suntsiketa dakartenak.
Bestalde, AHTk lanpostuak sortuko dituela «gezur handi bat» dela azaldu dute: «Euskal Y»-aren obra, kasu, enplegu prekarioaren eta langileen gain-esplotazioaren ikur dena, non hamabi ordutik gorako lanegunak dituzten eta langile ugari hiltzen ari diren lan baldintza kaskarren ondorioz
AHTren eraikuntzaren gerizpean itzelezko negozioak egiten ari direla eta ondorioz, gobernuek, ekono- mia- eta enpresa-interes jakin batzuei mesede egitearren, inbertsio izugarriak xahutzen dituztela salatu zuten.
Gipuzkoan, AHT eraikitzeko, PSEren gobernuak orain arte 2.521 milioi euroko gastuak agindu dituela gogorarazi dute. UPNren gobernuak, berriz, Nafarroako aurtengo inbertsio publiko osoaren erdia -1.344 milioi euro- AHTren eraikuntza-lanetara bideratu duela nabarmendu dute.
Eguzki
Grebaren karietara hausnarketa bat mahaigaineratu du ere Eguzkik: ekonomiaren ikuspuntutik zein ingurumenaren defentsatik begiratuta, «berebiziko aukera» da biharkoa, «aurrekaririk ez duen ingurumen krisira eraman gaituen eredu ekonomiko bidegabea» salatzeko.
Talde ekologistek diotenez, «gutxi batzuen onurarako politikak nagusitzen dira, pertsonak eta natur baliabideak errespetatzen dituzten estrategiak sortu beharrean». Beste eredu bat «posible eta beharrezkoa» dela dio Eguzkik, «baliabideekin, pertsonekin eta lan eta giza eskubideekin» begirunetsua, hain zuzen ere.