GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Bar katu

Egia da, ikuspegi darwinista batetik aspaldi desagertuta behar genukeen. Eta horrek, seguru nago, gainerakoen sufrimendua apalduko zukeela. Hilerrietan inork ez baitu sufritzen postura horizontalean dagoenean

Ez, ez noa Jarautan horrenbeste une pozgarri eman dizkidan txokoari buruz idaztera. Lehengoan «Deia»-n, eta gero askoren ahotan entzun ditudan gogoeta moralak dira nire hitzen abiapuntu. Euskal Patsy O'Hara ezker abertzalearen erantzukizun historikoaz mintzo zen. Edo hobeto esanda, erruaz. Soilik errua den kontzeptu moralean sinesten duenak eska bailezake barkamenik. Erantzukizunak, erruaren anaiorde laikoak, ez du halakorik ametitzen. Erantzukizunak balorazio, ikasketa eta etorkizunerako ikasgaiak ditu lan-tresna. Ostera, gutxi arte biztanleriaren gogoa kontrolatzeko erabiltzen zuten konfesioak damua zuen oinarri. Damuarrain bihurtzen da egindakoa era negatiboan baloratu eta erru sentimendua duenak. Eta ez dago tortura okerragorik norberaren barruak norberari egiten diona baino.

«Ihes betea zilegi balitz, aurki ahal baneza bakea» abesten zuen lehengoan lagun batek Donegaleko labarretan. Min hori barruan daroanak ezin aurrera egin lezake bizitzan. Ikuspegi horretatik ulergarri zait lehengoan «Deia»-n irakurritakoa. Neuk bere ibilbidea, eta ezker abertzale osoarena beste era batera baloratzen dut. Beraz, ez nau barruak erretzen. Gatazkan eragindako sufrimenduaren ardura egile materialez askoz harago kokatu zuen euskal O'Harak. Guztiok gara Athletic, eta zaleen aupada barik ez legoke golik, konforme. Bahitu dizkiguten lagunen askapen bidean etsaiari plazera eman beharko ei diogu. Duintasunaren salneurria non dagoen? Nirearena badakit, garestiegia, baita maitasunerako ere. Baina ni ez nago kartzelan. Eta egoera sufritzen duenari duintasunaz berba egitea despotikoa litzateke nire aldetik. Beraz, has gaitezen:

Barka beza Karla Haundiak, Orreagan Errolan zangarra hil genion-eta. Entzun bezate nire damu oihua Arrigorriagan hildako asturiarren amek. Lagun gaitzatela gure arimen garbitze bidean karlistadetan hildako gazte errioxar liberal guztien ondorengoek. Batez ere, Lutxanan jausi zirenek.

Barka otoi 36ko gudan Intxortan eta Lemoan hil zituzten anaia karlista guztiek. Barkatuko al digu inoiz Adolf Hitlerrek Gernika bonbardatzeko eragin genion petrolio guztiaren kostua?

Barka biezagute guardia zibilek herritar errugabeen bizitzak salbatzeko gu behin eta berriz torturatu eta hiltzera bultzatu izana. Zeresanik ez, gure errepideetan, euripean igaro dituzten gau hotz guztien zamaren damuaz. Barka biezagute Francok, Carrerok eta espainiar diktadura faxistako politikari guztiek eragin genizkien insomnio gauak.

Gure erruaren kontzientziaren berri izan dezatela orain gutxi horren larri ibili ziren Nikolas Sarkozyren bizkartzainek.

Uler bezate gure damua gure kaleetatik espainiar banderak daramatzatenean gure mespretxu begiradak bizi izan dituzten guztiek. Damu gara Manchester UEFAtik kanporatu izanaz. Barka diezagula historiak oraindik hemen jarraitzea. Egia da, ikuspegi darwinista batetik aspaldi desagertuta behar genukeen. Eta horrek, seguru nago, gainerakoen sufrimendua apalduko zukeela. Hilerrietan inork ez baitu sufritzen postura horizontalean dagoenean.

Azkenik, barkaidazu zuk, irakurle, hau irakurri izateagatik. Errua nirea da. Eta damu naiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo