Iñigo Astizek gai sozial eta politikoak landu ditu «jolastuz» bere lehen poema liburuan
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Iñigo Astiz kazetaria, musikaria, itzultzailea... hamaika gauza batera dela esan daiteke, baita idazlea ere. Izan ere, bere lehen poema liburua argitaratu berri du Susa argitaletxearekin, «Baita hondakinak ere».
Hirurogei poemek osatzen dute liburu txiki hau. Gehienak laburrak dira, baina badago baten bat luzeagoa dena. «Poemak piezaka sortu ditut, eskultore batek egiten duen moduan. Familia gaia hartu dut adibidez, eta bariazioak egin dizkiot», azaldu zuen Astizek atzoko Donostiako aurkezpen ekitaldian.
«Liburu guztian gehien lantzen den ideia abstraktuak gorputz batera eramatea da eta nola abstraktu hori eta gorputzak duen definizioa, zehaztasuna, uztartzen diren», esan zuen.
Hirurogei poemetan zehar existentzialismoa lantzen den arren, gai sozialak ere jorratzen dira, domestikoak, politika, ekonomia... Gainera, guztiek ukitu berezi bat jaso dute Astizen lumatik. Izan ere, berak aitortzen zuen moduan, irakurle hiperaktiboa denez gero, idazle papera hartzen duenean ere berdin jokatzen du. «Ez badut jolasten aspertu egiten naiz. Horregatik, gaiak ilunak diren arren, jolasten saiatu naiz, ez aspertzeko», azaldu zuen Astizek.
Azalari dagokionez, bere amarengatik sortu zuela adierazi zuen atzo. Amak Urbasan zoriontsua izan zela azaldu zion behin, eta Astizek, haur gehienek bezala, ezinezkoa uste zuen ama zoriontsua izatea bera gabe. Hori dela-eta, bere amaren argazki zahar bat hartu, gaztea zenekoa alegia, eta bere txikitako argazki bat gehitu zion, muntaia baten antzera. Hala, erdian eta koloretan agertzen den mutikoa Iñigo Astiz bera da eta bere aurrean eserita agertzen dena, ordea, bere ama.