GARA > Idatzia > Euskal Herria

Caridad Rodriguezen hiltzaileak atxilo segitzen du, epaitegian deklaratu artean

Jose Antonio Garciak astelehen gauean onartu zuen bere bikotea hil zuela, eta geroztik, Ertzaintzaren komisarian dago, epailearen aurrean deklaratzera deitu artean. Bitartean, atzo ere Caridad Rodriguezen aldeko elkarretaratzeak izan ziren hainbat herri eta hiritan.

p016_f01_148x096.jpg

GARA | DONOSTIA

Caridad de los Angeles Rodriguez Arrieta 39 urteko bikotekidea hil zuela onartu zuen igande gauean Jose Antonio Garcia gazteak Tolosan. Atzo arratsaldean, Ertzaintzak GARAri baieztatu zionez, polizia-etxean jarraitzen zuen, epailearen aurrera noiz eramango zain. Atxilotuak egoera horretan gehienez 72 ordu igaro ditzakeela gogorarazi zuten iturri berberek, nahiz eta tarte horretan egindako galdeketen eta emaitzen arabera, epea luzatu daitekeen, «kasuan kasuko», zehaztu zuten. Epea gaur amaitzen da.

Garciak 26 urte ditu. Aita irundarra du eta ama marokoarra. Atxiloketaren ondoren Ertzaintzak jakinarazi zuenez, aurrekariak ditu. Horien artean, salaketa bat, aurreko bikote bati tratu txarrak egiteagatik. Gainera, zazpi aldiz atxilotu dute eta lau urte kartzelan eman ditu.

Siker Goikoetxea biktimaren bikotekide ohiak astelehenean Tolosan egin zen elkarretaratzean «El Diario Vasco»-ri adierazi zion «minduta eta nazkatuta» sentitzen zela, «heriotza hau saihestu» zitekeelako. Emakumeek pairatzen duten indarkeria «emakume izateagatik soilik» gertatzen dela iritzita, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko ordua dela adierazi zuen. «Politikarien hitzak oso politak dira, baina egiten dena baino askoz gehiago egin daiteke».

Goikoetxeak hamabi urteko seme bat zuen Caridadekin. Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi zuenez, berak hartuko du orain haurraren kustodia.

Hildakoa kubatarra zen jaiotzez, baina duela hamar urte heldu zen Tolosara. Aurretik Donostian bizi izan zen, Goikoetxearekin batera. Bere lagunek hileta antolatu nahi dute, ondoren gorpua Habanara eramateko. Horietako batek «Noticias de Gipuzkoa»-ri adierazitakoaren arabera, iragandako astean «urduri» ikusi zuen Caridad. Bikotea «oso jeloskorra» zela aitortu zion hitzordu hartan.

Atzo, astelehenean bezala, elkarretaratzea ugari izan ziren. Gipuzkoako Batzar Nagusiek bost minutuko isilunea egin zuten eguerdiko hamabietan, eta Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Tolosan ere beste hainbeste egin zuten arratsaldean.

Beste bi atxilotu

Bestalde, aurrekariak dituen 38 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Gasteizen, adin txikikoaren alabaren aurrean emazteari mehatxu eta eraso egiteagatik. Halaber, gertaerak ikusi eta erasotzailea geldiarazten saiatu zen senidea ere jo zuen atxilotuak. Biktimak Ertzaintzari aitortu zioenez, badira zazpi urte erasoak pairatzen dituela.

Donostian ere 37 gizon bat atxilotu zuten, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Emakumearen lagun batek erasotzailea gelditzea lortu zuen, eta honek ihes egin zuen, baina Ertzaintzak identifikatu eta atxilotu egin zuen astelehenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo