Pedro Pablo Arrinda | Durango
Nire gurasoei eta beste askori
Durangoko bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta, lehenengo eta behin, ez dut ahaztu nahi egun hartan izeko eta osaba galdu nituela. Osaba (amaren neba) mezan abadeari laguntzen ari zela hil zuten Jesuitetan. Gure aititek, gorpua elizaren kanpoaldean aurkitu zuen baina hilobiratu barik, beste hildako askoren artean kanposantuan utzita, familia Durangotik ateratzen laguntzeko, alde egin behar izan zuen.
Izeko (aitaren arreba), Andra Marin hil zuten. Hondakinen artetik atera eta neben artean gorpua hilobian sartzen ari zirela metrailatu egin zituzten. Bizitza salbatzeko gorpua kanpoan utzi eta eurek sartu ziren hilobian. Gure aita ere, bonben ondorioz, larri zaurituta utzi zuten, konortea galdu eta handik bi egunera itzarri zen Zornotzan zegoen ospitale antzeko batean.
Hau guztia bizi izan ondoren, gurasoek ideia guztien gainetik gizakia zegoela behin eta berriro esanez eta gorrotorik gabeko justiziaren aldarrikapena eginez hezi gintuzten.
Euren ereduari jarraituz eta inongo aurreiritzik gabe, 75. urteurren honetan, ekintzaren esanahia eta galdutakoak gogoratuko ditugu.