GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Iker Beristain Urizarbarrena Euskal preso politikoa, Castello I-eko espetxetik

Gora Herria! Antxon

Ia-ia konturatu gabe beste urtebete pasa zaigu, eta azken hilabeteotan Euskal Herriko egoera politikoak hartutako abiadura ikusita, badirudi denbora gehiago igaro dela. Izan diren aldaketa guztiak ikusteko aukera bazenu, ez zenuke sinistu ere egingo. Guztion lanaz eta borrokaz gure herriaren biziraupena ziurtatuta, beste fase batera igaro baikara, garaipenera eramango gaituen fasera.

Iazko idatzian hainbat akordio, deklarazio eta gertakariren berri eman nizun, baina guzti horiek hartutako bidearen hastapena besterik ez ziren. 2011ko irailean EPPK-k Gernikako Akordioarekin bat egin zuen, urriaren 17an Aieteko Nazioarteko Konferentzia ospatu zen, non bide-orri bat adostu eta markatu zen, eta horri erantzunez, erakundeak benetako lurrikara eragin zuen erabakia plazaratu zuen urriaren 20an, borroka armatua behin betiko uzten zuela, hain zuzen ere.

Aldi berean, hainbat eragile politiko eta sozialek elkarlanean darraite buru-belarri burujabetza lortzeko bidean. Iazko hausteskundeetan esaterako, bai maiatzean ospatu zirenetan, baita azarokoetan ere, alderdi ezkertiar eta abertzaleen elkarlan horrek sekulako emaitzak ekarri zituen, hainbat instituziotara haize freskoa eta politika egiteko beste modu bat eramanez (Gipuzkoako Aldundira, Donostiako Udalera... Odon kanporatzea lortu genuen 20 urte luzeren ondoren, txo!).

Erabaki eta pauso hauen guztien aurrean, etsaiak betikoan darrai (azken atxiloketak eta tortura kasuak hor daude), baina horrek bere ezinegona, beldurra, urduritasuna eta zalantzak agerian uzten ditu. Gure baitan, berriz, ilusioa, ziurtasuna eta aurrera egiteko gogoa dira nagusi. Izugarri aldatu dira gauzak, eta aurrerantzean ere aldatzen jarraituko duten jakitun, etsaia baldintzak bata bestearen atzetik ezarri nahian dabil, eman nahi ez dituen urratsak baldintzatzeko asmoz. Borroka armaturik gabe dena posible zela zioen, baina aitzakiarik gabe geratu ondoren, erakundea desegin behar dela dio orain, armak eman, barkamena eskatu... zein izango da hurrengo eskaera?

Garaile eta garaituen eskema batekin egiten du amets, eta historia ere bere erara idatzi nahian dabil, baina gurekin jai du!

PNVren jarreran ere ez da inolako aldaketarik izan, euskal herriaren aldeko lanean aritu beharrean, estatuaren morroi izaten jarraitzen baitu, haren interesak lehenesten, eta horren erakusgarri PP eta PSOErekin batera espainiar Legebiltzarrean aurrera ateratako testua. Jeltzaleentzat gu gara etsaia, euskal jendarte ezkertiar eta abertzalea, eta ez gure herria zapaltzen dutenak, alderdia bera, dirua eta poltronak baititu helburutzat eta ez independentzia.

Espetxeetan, berriz, ez da ezer aldatu, etsaiak gatibuon umiliazioa eta errendizioa bilatzen baitu une oro, guk geureari eusten diogun bitartean. Gutxinaka euskal estatuaren sorrerara gerturatzen ari bagara ere, lanean eta borrokan jo ta ke jarraitzea dagokigu, bakoitzak bere arloan eta zintzotasunez, zure eta zurekin dauden eusko gudari guztien bultzada ere ezinbestekoak izango direlarik. Egungo egoerara iritsi bagara, hein handi batean dena eman duten eta dena ematen ari diren horiengatik izan baita. Gora eusko gudariak! Lortuko dugu! Eutsi beti irribarreari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo