Aizkora Urrezko lehiaketa
Abiatzera doa urteko probarik handienetakoa
Azken urteetako lehiaketekin alderatuta, aurten ez da ligaxkarik jokatuko, eta denak kanporaketa eran izango dira. Berrikuntzarik handiena finalean izango da, aurtengoan hiru aizkolari neurtuko direlako.
Jon LEUNDA
Bihar hasiko da Buruz Buruko Urrezko Aizkora Txapelketa Gueñesen, eta finalak, berriz, Azpeitian izango dira ekainaren 9an gauean edo 10ean eguerdian. Betiko moduan, elite mailan, 23 urtez azpikoetan eta 19 urtez azpiko mailetan lehiatuko dira aurten ere.
Aurtengo txapelketei dagokienez, elite mailan izango dira berrikuntzak. Azken urte hauetan kanporaketa eran jokatu ostean, final-laurdenetako ligaxkak egiten ziren, baina aurten ez da horrelakorik izango. Denak kanporaketa eran jokatuko dira; hiru finalerdi izango dira, eta maila nagusiko finalean hiru aizkolari lehiatuko dira txapelaren borrokan.
Horrek, dudarik gabe, ikuskizuna hobetu egingo du, inork ez baitu hutsik txikiena ere egiteko aukerarik izango. Finalean hiru izateak ere ikusmina handitu egingo du, eta seguruenik ere emozioa bukaerara arte mantenduko da.
Parte hartzaileei dagokienez, ez dira berrikuntza gehiegi izango, baina bi izen garrantzitsu itzuliko dira. Alde batetik, Arria V.a eta bestetik, Floren Nazabal. Joan den urtean ez ziren aritu, baina badirudi aurtengoan lehian ikusteko aukera izango dela. «Beraiekin hitz egin nuenean baiezkoa esan zidaten. Gero ez didate baieztatu, baina behin baietz esanda, uste dut parte hartuko dutela», esan zuen Luix Mari Begonak, Egur Sport enpresako arduradunak.
Bi aizkolari hauek lehian aritzeak maila ere igoko du. Nazabal txapelduna izandakoa da, eta dudarik gabe bera hemen izateak arreta ere gehitu egingo du, egun dagoen aizkolaririk onenetakoa baita. Arria ere aizkolari garrantzitsua da, eta txapelketa ongi prestatu baldin badu, zeresana emango du.
Iazko berak
Gainerako aizkolariak iazko berberak direla esan zuen Bengoak, aldaketa txikiren batekin. «Aizkolaririk gehienak joan den urtekoak dira. Belauntzaran faltako da, aizkora utzi egin duelako, eta gero beti izaten da azken orduan parte hartu ezin dutenen bat edo beste, baina gainerakoan berberak dira, bai maila nagusian, baita gazteen bi mailetan ere».
Gaur egun gauzak antolatzea ez da batere erraza, krisiak gogor jo dituelako bazter guztiak. Halere, Egur Sport enpresak egutegia ia egina dauka. «Badaukagu oraindik herriren bat edo beste bilatzeko, baina orokorrean nahiko ongi moldatu gara. Egia da udalek ez daukatela dirurik, eta gauzak ahal diren moduan egin behar direla, babesleak topatzea ere oso zaila baitago, baina hauxe da orain dagoena eta horrekin egin behar dugu aurrera, bestela ez bailitzateke ezer antolatuko», adierazi du Luix Mari Bengoak, txapelketa honetako buru eta antolatzaile nagusiak.
Bihar abiatu eta ekainaren erdira arte iraungo duen lehiaketa honetan urteroko herriak ere izango dira. Zumaian, Lazkaon, Gasteizen edo Urrestillan, azken urte hauetan lehiaketa honetako probak beti izan dira, Azpeitian bezalaxe, hantxe jokatzen baitira Urrezko Aizkora abiatu zenetik, buruz buruko eta binakako finalak ere.
Gueñeseko pilotalekuan hasiko da bihar Urrezko Aizkora Txapelketa. 12.00etan izango da ekinaldia bertako pilotalekuan, eta hamaika aizkolari neurtuko dira. Kanporaketa eran jokatuko dira probak, eta finalera iristen diren bi aizkolariek lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Oregi, Lekue, Garcia, Intxausti, Dorronsoro, Urteaga, Resano, Vazquez, Beltza, Erdozia eta Goñi lehiatuko dira. Faboritoak zein diren edo zein ez diren aipatzea ez da oso erraza izaten, hemen oso proba laburrak eta azkarrak izaten baitira, eta hor huts txiki bat egitea nahikoa izaten baita kanpoan geratzeko. Erdozia, Urteaga eta Dorronsoro izan daitezke faboritoak. J.L.
Joan den urtearekin alderatuta, ez da aldeketa handirik izango, baina azken orduan ezusterik ez baldin bada, aurten Nazabal eta Arria V.a itzuliko dira.
Izeta III.a, Izeta IV.a, Urrutia eta Telleria II.a lehiatuko dira bihar 12.30etik aurrera Etxauriko plazan, Etxauri Harria lehiaketan. Harria antzinako horietakoa da eta 136,5 kilo pisatzen ditu. Kirolari bakoitzak bost minutuko txanda bat izango du lanean aritu ahal izateko.
Mailei dagokienez, ez da aldaketarik, eta aurten ere elite mailan 23 urtez azpikoena eta 19 urtez azpikoena jokatuko da. Hiru finalak batera jokatuko dira Azpeitian.
Nafarroako jokoetako finalak jokatuko dira bihar Lesakako eskoletako pilotalekuan, 11.00etan hasita. Kimu, haur eta kadete mailako finalak izango dira. Honen helburua umeak herri kirol mundura gerturatzea izan da, eta antolatzaileak horrekin oso gustura geratu dira.