GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Ezkurra ez da osatu eta bere lekua Bixente Lazkanok hartuko du

J.L.

Gaur eta bihar jokatuko diren neurketekin amaituko dira Berezkoen Binakako Txapelketako lehen faseko azkeneko jardunaldiak, eta aldaketa bat ere izango da.

Joan den astean Paxkal Ezkurrak min hartu zuen, eta ez da osatu asteburu honetarako. Bere lekua Bixente Lazkanok beteko du, eta Agirre lagun duela Waltariren eta Bonebeltxeren aurka neurtuko da Itsasun 17.00etatik aurrera. Lehendik, aurrera egiteko ez zituzten aukera asko Agirrek eta Ezkurrak, eta orain zailago izango dituzte gauzak.

Waltarik eta Bonebeltxek oso zaila daukate zuzenean finalerdietara sailkatzea, baina orain final-laurdenak jokatzea da helburua, eta hori ez daukate zaila. Horrekin batera, joan den asteko itxura ere hobetu nahiko dute, Kubakoak oso norgehiagoka kaskarra egin baitzuen Maulen.

Horiek beraien lana amaitutakoan, Lanbert eta Kurutxari Ibarrolaren eta Harizmendiren aurka arituko dira. Azken bikote honek zuzenean finalerdietara sailkatzeko hamasei tanto egitea nahikoa izango luke. Beraz, zaila dirudi hortik behera geratzea, eta, ezeren okerrik ez dela, finalerdietan izango dira, multzoko lehen sailkatuak aukera hori izango baitu. Partida bera erakargarria da, eta zaleek badute Ibarrola eta Harizmendi ikusteko gogoa, orain arteko bi norgehiagoketetan oso lan ona egin dute, eta, askoren ustez, txapela lortzeko ere faborito bihurtu dira.

Lanbertek eta Kurutxarik partida bat irabazi eta bestea galdu egin dute, baina bigarrena ez zuten amaitu. Irabazten ari ziren, baina neurketa oso estu zihoan Ezkurrak min hartu zuen arte. Urruñakoak ezin izan zuen jarraitu, eta 40-8 geratu zen, baina berak min hartu izan ez balu, ikusi beharko zen zer gertatuko zen. Beraz, ikusitakoaren arabera, garbi dago lehen partidan Waltariren eta Bonebeltxeren alde aterako dela dirua, eta bigarrengoan Ibarrolaren eta Harizmendiren alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo