Deiadar mobilizazioak babes handia erdietsi du, tartean alderdi politiko gehienena
Gaur, 17.00etatik goiti, Baionako Xaho-Pelletier gunetik abiatuko den Deiadar manifestazioak babes ugari jaso ditu. «Gure hizkuntza, eskubide bat, lege bat» lelopean euskararen ofizialtasuna eskatuko da berriro.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Euskal Konfederazioak eta Euskararen Kontseiluak deituriko seigarren Deiadar manifestaziorako dena prest da. Estatu frantsesak hizkuntz gutxituekiko daraman politika errotik aldatzeko xedea du gaur 17.00etan Baionako Xaho-Pelletier gunetik (Errobi ibaiaren ertzean) abiatuko den mobilizazioak.
Azken asteotan eta, bereziki, azken egunetan atxikimendu ugari jaso ditu euskararen ofizialtasuna eta bere erabilera babestuko lukeen legea eskatzeko ekimenak. Horien artean, nabarmentzekoa da joera politiko askotariko alderdi eta mugimenduek, ñabardurak ñabardura, emandako babesa.
Eskakizunarekin aspalditik bat datozen gizarte eragile (LAB, Batera, Bizi!, Euskaltzaindia, Ikas-Bi, Biga Bai, Herrien Biltzarra...) eta indar abertzale edo ezkertiarrei (EHBai, EA, PNB, NPA), ezohiko beste batzuk gehitu zaizkie.
Kasu batzuetan, kostaldeko PCFk esaterako, alderdi gisa azaldu du aldekotasuna. Beste batzuetan, berriz, ez dute ofizialki babestu, baina «ordezkaritza esanguratsua» bertaratuko dela agindu dute; horien artean, PSkoek.
EEPko ordezkariak
Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Frantxua Maitia sozialistak eta Max Brisson lehendakari ohiak (UMP) ere bertan izango direla iragarri dute, beren alderdiaren izenean ez bada ere.
Badira, halere, mobilizazioarekiko zein jarrera duten argitu ez dutenak -Parti de Gauche, esaterako- eta Hizkuntzen Agiria sinatzearen kontra daudenak, Pascal Lesellier Debout la République alderdi gaullistaren hautagaia esaterako.
Antolatzaileek urteetan eta, batez ere, azken asteetan egindako lan eskergari esker, inoiz baino babes handiagoa lortu du Deiadar mobilizazioak. Boz garaian izateak izan du, seguru asko, zerikusia, zenbaiten jarreran.