GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako xingarra ohoratuko dute pazko asteburuan eginen den ferian

1462. urtean ireki zituen ateak lehenbizikoz Baionako xingarraren feriak. 550 urtez, etenaldirik gabe, urdaiazpikoa ohoratu du Udalak pazko asteburuan. Datorren ostegunean hasiko da feria, xingar lehiaketarekin. Lau egunez, animazio ugari izanen da Baionan.

p025_f01_148x108.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Baionak antzinako tradizioaren goraipatzeari eutsiko dio datorren asteburuan, urteroko urdaiazpikoaren feriari esker. 1462. urteaz geroztik, etenaldirik gabe, Lapurdiko hiriburuan bere izena daraman xingarra omendu dute pazko asteburu oro.

Datorren ostegunetik apirilaren 8ra berriz ere feria lekutuko da hiriko merkatu inguruko karriketan. Atzo egin zuten lau egun horietan Baiona urdaiazpiko eta arnoz beteko duen feriaren aurkezpena.

Irulegiko arnoz eta xingar xerraz inguraturik, Jean Grenet herriko auzapezak baliatu zuen ekimena laborantza iraunkorra eta herrikoia mantentzeko deia zabaltzeko.

«Tradizioak jarraitu behar du, gure urdaiazpikoaren arima horretan bermatzen baita, eta lekuko laborariak dira tradizio horren eramaile», erran zuen Baionako agintariak. Europak bideratzen duen uniformizazioa salatuz jarraitu zuen, eta «gure herriko hizkuntza eta tradizioekiko errespetua» aldarrikatu zuen.

Horiek horrela, aurtengo 550. edizioan, merkatua, Roquebert eta Chaho-Pelletier kaiak animazioz beteko dira. Ostegun Santuarekin, feriak, urteroko xingar lehiaketarekin irekiko ditu ateak.

«Epaimahaiak xingarraren forma, lehortze denbora, usaina eta ebakera begiratuko ditu Baionako xingarraren sor-marka ukan dezakeen ikusteko», argitu zuten ekoizleek.

Lekuko 30 bat ekoizlek egindako urdaiazpikoak lehiatuko dira Baionako labela lortzeko. Horrekin batera, xingar dastatze eta salmenta, merkatu irekiak, herri bazkariak, mutxikoak, txarangak eta musika animazioak izanen dira feriak iraunen duen lau egunetan.

Baionak, feriarekin, gastronomiari ateak zabaldu nahi dizkio. Urdaiazpiko lehiaketarekin batera, moleta eta plantxa txapelketak izanen dira. Gainerako animazioen artean, San Andres trinketean urdaiazpiko feriako pilota finala, eta Errobi ibaian traineruen erakustaldia izanen dira.

Kofradia

Feriaren karietara, Baionako Xingarraren Kofradia bestarako jantzirik aterako da karrikara. Igandean, mezarekin batera, desfilea eginen dute kaleetan zehar.

Larunbatean, berriz, kofradiako kide berrien aurkezpen ekitaldia eginen dute elkartetxean.

Baso berri

Feria inguruko ostatu eta jatetxeetan baso berrerabilgarriak izanen dira. Euro baten truke, goizeko zortzietan eta arratseko hamarretan irekirik egonen den ferian baliatzen ahalko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo