Alkizako eskolan umeentzako lekurik ez dela salatu dute
GARA | DONOSTIA
Alkizako eskola txiki geratu dela salatu du Beleburupe guraso elkarteak prentsa ohar baten bidez, eta hala jakinarazi izan diote urtero urtero Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailari.
Izan ere, Alkizan eskola berria egiteko proiektua onartu bazen ere, oraindik ez da ezer egin eta beren eskaerek ez dute erantzunik jaso.
Azken lau urteetan, 26 ume izatetik 52ra igaro dira, eta bi urte barru 58 izango dira. Azaldu dutenez, orain arte, gurasoen, eskolaren eta Gipuzkoako barnekaldeko herriko Udalaren artean topatu izan dituzte irtenbideak, guraso eta irakasleak auzolanean jardunez, eta Lakuako Hezkuntza Sailak hainbat obra egin ditu eraikin zaharrean.
Egun, lehen biltegia zen gela txiki batean daude irakasleak; eta tailerra eta psikomotrizitate gelak, berriz, eskolatik kanpo, herriko Udalak utzitako lokaletan.
Alkizako gurasoek azaldu dutenez, Lakuako Hezkuntza Sailari gutuna helarazi zioten iazko urte amaieran, baina ez dute erantzunik jaso.
Beraz, ikasturte berria gainean dagoela, Lakuako Hezkuntza Sailari eskatzen diote Alkizako eskolari irtenbide egoki eta duina eman diezaion, ikasleak ezin baitira egon baldintza horietan.