Floren Aoiz www.elomendia.com
Hondatzen gaituztenen aurka, independentzia
Grebaren arrakastak adierazi digu, berriz ere, Euskal Herrian jendarte aldaketarako baldintzak eta borondatea badirela. Eta, batez ere, subiranotasunaren aldarrikapenak maila askotako eskaerak uztartu eta batera bideratzeko gaitasuna duelaBarcina haserre dago, grebalarien helburu politikoak direla eta. Ezin du onartu, nonbait, politikariek maila sozioekonomikoan zehazten diren neurri politikoen kontra erantzun politikorik ematea.
Badakigu eskuindarrek politika berena dela uste izan dutela beti. Herritar xumeok artaldea osatzeko besterik ez dugula balio, hots. Baina oraingoan, Barcina haratago joan da eta independentziaren aldeko oihuak salatu ditu. Arriba España garrasia entzun nahiago zuen, ziurrenik, baina gaur egungo egoeran Espainia eta hondamendi politiko nahiz ekonomikoa inoiz baino uztartuago agertzen dira herritar askoren begietan. Independentzia, dagoeneko, haserrealdiaren adierazpenaz gain, alternatibaren iparrorratza bilakatu da.
Independentzia oihuak entzun ziren greba orokorrean, egia da. Baina greba ez zen independentziaren aldekoa, murrizketa eta bestelako astakerien aurka baizik. Jendea kalera atera zen gaur egungo egoerari erantzuteko.
Barcinak eta beste batzuek independentzia aipatzen dute mobilizazioak satanizatzeko asmoz. Grebaren inguruan lortutako indar bilketa hautsi nahi dute. Horregatik kronika ofizialetan nagusitasuna ematen diete istiluei, jende kopurua ezkutatuz. Agintariek beren ardurari ihes egin nahi diote: horregatik sortzen dituzte halako eztabaidak.
Hau esanik, nire ustetan, azpimarratu beharra dago independentziaren aldeko mezuek oihartzun nabarmena izan dutela grebaren deialdian nahiz jendearen erantzunean, eta horrek hausnarketarako beta eskaintzen digula. Gertatu denak irakurketa ezberdinetarako parada ematen digu, baina Euskal Herrian grebak Estatuan izan ez duen arrakasta izan du, eta zergatia behar bezala aztertu beharra dago. Subiranotasunaren eskaera aintzat hartu gabe ezinezkoa da azterketa horri heltzea, argi esan dezagun.
Euskal Herrian ezkerra antolatuta dago, eta indartsu eta emankorra da ideologikoki. Euskal Herrian mobilizazioak ez dira salbuespeneko joerak, errotuta baitaude gogo kolektiboan. Baina gu ez gara borrokak hautatutako herria, borroka hautatu duen herria baizik. Ez da gure patua, gure aukera baizik. Lanaren fruitua da, ez mendeetako lainoetatik iritsitako bertute mirakulutsua.
Lorpen handia da nazio eraikuntza eta jendarte aldaketaren aldeko eskakizunen arteko uztarketa. Lan handiaren ondorioa ere bada, ongi elikatu behar dena.
Grebaren arrakastak adierazi digu, berriz ere, Euskal Herrian jendarte aldaketarako baldintzak eta borondatea badirela. Eta, batez ere, subiranotasunaren aldarrikapenak maila askotako eskaerak uztartu eta batera bideratzeko gaitasuna duela. Independentziaren alde lan egitea ez da jendartearen arazo eta eskaera sozioekonomikoak baztertzea, arazo horiek gainditzeko bide emankorrena ibiltzea baizik.
Gauzak honela, grebaren arrakastaren ondotik, Aberri Eguna dugu hurrengo helmuga. Ez da nolanahikoa 2012koa, gainera. Nafarroako konkista eta Gernikako bonbardaketa gogoan, non eta Iruñean, iraganeko menpekotasuna atzean utzi eta independentziarantz joateko behar eta komenigarritasuna aldarrikatzeko parada izanen dugu.