GARA > Idatzia > Kultura

haur literatura

Idazle artistak

p054_f01.jpg

Asun AGIRIANO

Udaberri hasiera honetan, album ilustratuen bidean urrats bat gehiago egin da. Lehendik, Eric Carleren “Beldar gosetia” (Ikas, 2006) eta “Gose handiko beldarra” (Kalandraka, 2007) 1969an idatzitako istorio ezagunaren bi edizio ezberdin genituen arren, oraingoan, “Zaldi urdin bat margotu zuen artista” jaso dugu, ekarpen txalogarria inondik ere.

Eric Carlek (New York, 1929) guraso alemaniarrak zituen, eta bertan hazi eta ezagutu zuen espresionismoaren aitzindaria izan zen Franz Marc-en “Zaldi urdina” obra. Garai hartan, nazien erregimenak artista espresionisten eta abstraktuen margolanak debekatu egin zituen, «degeneratuak» zirelakoan. Baina, hara non, Carlek artista izatea erabaki zuen margolan honen eraginari esker. Egun, oraindik ere, belaunaldi ezberdinetako haurrak liluratzen ditu, eta bere liburuak eskola askotan erabiltzen dira inspirazio artistiko eta sorkuntza jarduerak lantzeko.

Oinarri autobiografikoa du liburuak: Ni artista naiz eta margotzen ditut… dio lehenengo esaldiak. Margolari alemanari egindako omenaldia da, baina, era berean, Carlek 70 album baino gehiagoren egile izanik, bereizgarri zaion estilo batez jarduteko harrotasuna erakusten du, irudimena ez ezik, sormen-askatasuna ere aldarrikatzen du.

Artearen ikuspegitik abiatuz gero, liburu honek oso prozesu interesgarria aurkezten du, begirada berri bat. Margolan ezagun bat jaso eta berreraikitzen du. Dekonstrukzio prozesu batetik sortutako artelan liburua dugu, natura eta animaliak perspektiba berri batetik behatzen laguntzen diguna: zaldi urdin bat, behi hori bat, untxi arrosa bat… margotuta ikustea dibertigarria da haurrentzat. Irudimenari egindako oparia.

Teknika aldetik, testura eta zetazko paper zatiak nahastuz, eta, gainean, argizarizko margoak erabiliz, irudi distiratsu eta indartsuak sortzen ditu, narrazioak bailiran. Forma eta kolore xaloen edertasunaz gozatu ahalko dugu.

Nahiz eta lehen begirada batean Eric Carleren liburuek inozoak diruditen, erraz ulertzekoak, duten estilo propio horrekin aldaketa sakona ekarri zuten.

Samur identifikatzen dira beste edozein ilustratzailek egindakoetatik; eta esan behar da, egile ospetsua bihurturik, museoa ere baduela, Massachussetts-en, alegia, eta berak sortutako irudiekin merchandising aukera zabala dagoela munduan zehar.
Edizioa bikaina da, eta eskertzekoa da album ilustratuek argitaletxe honengandik jasotzen duten begirunea. Iruditzen zait, oro har, gaur egun, euskaraz zer edo zer gutxiago kaleratzen den arren, liburuen hautuan zorrotzago jokatzen dela, zenbaitzuk fin ari direla, Carlek azken orrian erabiltzen duen esaldiak dioen bezala.

Halaber, interesgarriak liburu amaierako oharrak: Franz Marc eta Eric Carleren biografia laburrak, artearen historian zenbait gertaera ulertzeko argibideak ematen dituztelako.

Azkenik, egilearen hitz batzuk ekarri nahi nituzke: «Nire liburu gehienen bitartez etxearen eta eskolaren arteko zubi lana egin nahi dut. Etxetik eskolara joan beharra haurtzaroaren bigarren traumarik handiena da, lehena jaiotzea da. Bi kasuetan babes eta epeltasun toki bat uzten dugu toki ezezagun batera joateko. Uste dut haurrak sortzaileak eta ikasteko gauza direla berez. Nire liburuetan aipatutako beldur hari eusten saiatzen naiz, eta haren ordez, mezu positibo bat igortzen. Erakutsi nahi diet ikastea liluragarria eta jostagarria dela».

Horixe bera eta gehiago, zintzilikatzeko artelan bat ere eskuratu baitugu liburu honekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo