GARA > Idatzia > Kultura

Allan Poeren beldur sentimendua eta Defoeren abenturak ekarri ditu euskarara Urrezko Bibliotekak

p056_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Bertze bi klasiko handi, Edgar Allan Poe eta Daniel Defoe, hurbildu dizkie euskal irakurleei Urrezko Bibliotekak; zuzenduta, berrikusita eta itxura moderno eta erakargarriagoz jantzirik. EIZIEren (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak) eta Lakuaren akordioari esker kaleratu ditu Elkarrek «Kontakizunak» eta «Robinson Crusoe».

Lehendabizikoa itzuli duen Koro Navarrorentzat (Donostia, 1955) abantaila bat du 1809an Bostonen jaiotako ipuingile eta literatur kritikariak: beti modan dago. «Zergatik? Batez ere beldur handia eragiten duten kontakizunak idatzi zituelako. Bereziki gazteen artean, beldurra pasatzea oso gauza polita da; niri ere gustatzen zait egongelan, hotza dela (kanpoan, jakina, barrenean goxo-goxo) beldurrezko ipuinak irakurtzea, jakinda gezurrezkoak direla». Navarroren iritziz, poetak erabat lortzen du irakurleari beldurra komunikatzea, lerroz lerro harrapatuz. «Bere idazkera oso-oso logikoa da, zorrotza; premisa bat dago, premisaren garapena eta ondorioa. Eta logika horrekin sentiarazi egiten digu beldurra deskribatu baino gehiago».

Itzultzaileak kontatu zuenez, aurretik esperientzia txarra izan zuen berak euskaratutako liburu bat berrikustean: «Gaizki zegoela iruditzen zitzaidan, eta ezin nuela hobeto egin sentitzen nuen, nire parteagatik eta euskaragatik ere bai: hizkuntzaren malgutasuna, batua...». Hamar bat urte geroago, 2000n, Poeren liburu hau itzultzean erabateko aldaketa sumatu zuen: «Neronek ikaragarri ikasia nuen eta euskara askoz hobeto zegoen, batuago eta aberatsago».

Daniel Defoeren «Robinson Crusoe» euskaratu duenak, Aintzane Ibarzabalek (Hernani, 1960), itzulpenak euskara irakaskuntzarekin tartekatu ditu urtetan. Klasikoak itzultzeak garrantzia duela iruditzen zaio, zerbait berria ekartzen dutelako: «Kontaketa bera. Hori da aprobetxatu behar dena». Nabarmendu zuenez, irakurtzeak aberastasuna ematen dio hizkuntzari gero komunikatzeko, eta irudimena lantzea eta garatzea ekartzen du. Liburuak aukera ugari ematen du: beldurra pasatzeko, gozatzeko, jakintza jasotzeko... Baina nola iritsi gazteengana? «Ikasleen lehenengo galdera zera izan ohi da: zenbat orrialde ditu?». Irakaslearen ustez, gero eta gehiago kostatzen da ikasleak irakurtzen jartzea eta eskolak badauka zeregina, bertzeak bertze, gauza bitxiak eginez erakartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo