GARA > Idatzia > Kultura

ELEBERRIA

Nortasunez gaindi diren ipuinak

p057_f01.jpg

Ekhiñe EGIGUREN

Ipuin bilduma berezia eman du argitara Juan Modesto Arrieta zarauztarrak bere lehen liburuan. Izenburuak berak dioen bezala, narrazioen arteko lotura edo haria pertsonaien izenak dira, nortasun partikularren izana biltzen duten kontakizunak. Idazleak berak bere deiturarekin duen harremanak harilkatzen du sortaren hasiera-amaiera. Literatur lehiaketetan sarituak asko, mikroipuinak bezain laburrak batzuk, luzeago eta zatikatuak besteak, eleberrirantz jotzen duen narrazioren bat ere bada. Oro har, zertzelada gutxi batzuekin pertsonaia eta istorio ongi moldatuak kontatzen dituzten hamaika ipuin ditu irakurleak esku artean.

Estilo zuzena, azkarra, muinera jotzen duena eta, aldi berean, pertsonaien nondik norakoak xehetasunez azaltzen eta lotzen dakiena. Bilduma Iñakik Angels albistegi aurkezleari idazten dion amodiozko gutunarekin hasten da. Handik aurrerakoak lehen zein hirugarren pertsonan idatzitako narrazioak dira, umore eta ironia leunez zipriztindutako lerroak.

«Azken hegaldia»-k badu Kafkaren metamorfosiaren oihartzunik eta «Mundu zoragarri hura» ipuinarekin batean, bildumako piezarik esperimentalenak osatzen dituztela esan daiteke, azken honi zenbait kontraesan topatzerik badagoen arren. Kontakizun modu klasikoenera joaz Gafi sibarita argentinarraren gorabeherak datoz; bat-batean herrian azaldu eta guztia lortzen duen pertsonaiaren ia karikatura.

Autorearen beraren hitzetan, putakumeren bat edo beste agertzen da liburuan. Horren harira, bai «Gafi» bai «Leonor G» ipuinean pertsonaiak topikoetan oinarritzen badira ere, istorioak borobiltzen asmatu du idazleak, izenak bezain bereziak diren amaierak lortuz.

Kontakizunen egiturari erreparatuz, azpimarragarrienak hauek dira: «Noraren Egunkaria» (egunkari formatura salto egiten duena), «Diskoboloa» (lapurreta bat lau aktotan) eta «Natura hila» (hiru azpi-ipuinez osatutako kontakizuna). Azken honen «Labana» atalean, Luis Buñuelen «Un chien andalou» laburrari egiten zaion keinua kitzikagarria da eta ibilbide zirkularrak zentzua ematen die txertatzen diren kontakizun ezberdinei. Halere, gaietan, egituretan edota esamoldeetan baino, argumentuan ardaztu du idazleak ipuin bakoitzaren mamia eta interesa mantentzea lortu du. Ezbairik gabe, gertakariekin irentsiko du irakurleak amua.

Hasieratik amaierara, gustura irakurri dut izen berezien bilduma. Hurbilekoak egin zaizkit pertsonaien zenbait aurpegi, fikzio bezainbat errealitate topatu dut izanetan eta istorioek harrapatu egin naute. Bereziki gogoko izan dut «Adelino Sousa» ipuina, tonu naïf eta malenkoniatsuagatik -tristezia, fadoak, Portugal, Pessoari erreferentziak-, baita amaieraren indarragatik ere. Esango nuke, luzera jotzen duen narrazioetan eman diola idazleak bereziki sormenari bidea, laburrean baino ederrago defenditu duela istorioen esentzia ipuin luzeetan. Horregatik, okurritzen zait ez ote gauden, akaso, eleberri egile baten aurrean ipuin idazle baten lerroetan baino; luzerako egituretan nabari baitut nik idazlea erosoen.

Edonola, eta zalantzarik gabe, ipuin bilduma berezia, zer esana baduen ahots berri baten lehen urratsa da liburu hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo