Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Iraganaren izaera konplexua (eta IV)
Onartu behar dut Byrd irakaslea eta bera bezala Indiar Amerikarren eta Herri Indigenen Ikasketen munduan murgilduta dabiltzan pertsonek Akademiatik bultzatzen ari diren ekimen guztiek inbidia sentiarazten didatela. Batzuek esango dute komunitate indigenekin duten harreman estua ez dela oso akademikoa; unibertsitate irakaslearen funtzio nagusia (eta ia bakarra) klaseak ondo prestatzea eta ikasleen lanak zuzentzea dela. Horrela pentsatzen dutenek, egunero ez bada astean behin behintzat prentsan idazteari utzi eta nire denbora eta indarra zeregin akademikoagoetara, curriculuma sendotzeko balio duten zereginetara alegia, zuzentzeko esaten didatenen korda berekoak dira. Bestelakoa da nire ustea, baina. Beti pentsatu izan dut Akademiak gizartearekiko erantzukizuna duela, bere arduraren artean dagoela gizartearen beharrei erantzutea. Tamalez, irakasleen kopuru esanguratsu batek lanpostu bat (eta oporraldi luzeak) ziurtatzearren bukatu du Akademian. Inor mintzeko asmorik gabe esatera noa hurrengoa: EHUn pasa nituen zortzi urteetan (lau urte Kazetaritzan, beste lau Artearen Historian), behin baino gehiagotan madarikatu nuen irakasleen funtzionario estatusa.
Jakina, batzuek pentsatuko dute unibertsitate irakasleek, beste edozein langilek bezala, espazio publikoarekin duen harremana, hots, inplikazio maila negoziatzeko eskubide osoa duela. Hori uste dutenek, hobe lukete lanbidez aldatzea. Hezkuntza, Foucaultek esan zuen bezala, boterearen arma da, baina jarrera arduratsua agertuz (komunitateari gehiago begiratuz gero) posible da logika horri buelta ematea.