GARA > Idatzia > Kultura

«Indar faxistek bahitu nahi izan zuten oroimen historikoaren» kronika osatu dute Gernikan

«Sustrai erreak 2. Guernica 1937» liburuak bonbardaketako lekukotzak, alemaniar eta italiarren erantzukizunak eta hildakoen izen-abizenak bildu ditu. Orain 25 urte argitaratutakoaren bertsio osotuagoa da.

p051_f02_96x76.jpg

Ane ARRUTI | GERNIKA

Kilo bateko 5.472 bonba su-eragile jaurti zituzten, besteak beste, faxistek duela 75 urte Gernikan, eta gertatutakoa herritik bertatik kontatu eta zabaldu nahi du Gernikazarra elkarteak eta «Aldaba» aldizkariak elkarlanean osatutako «Sustrai erreak 2. Guernica 1937» liburuak. «Bonbardaketarekin lotuta dagoen materiala biltzean eta ikertzean datza lan egitean erabilitako metodoa -azaldu zuen Ines Gandariasek, egileetako batek-, eta horrela transmititu nahi izan da, gertaera historikoa dagokion testuinguruan aurkezturik. Gernikatik bertatik zabalduko den bonbardaketaren bertsioa». Euskaraz eta gazteleraz osatu dute liburua, argazki, dokumentu eta datu argigarriekin. Jesus Mari Lazkanorena izan da azala eta Julen Munitisek, antzinako argazkiak oinarri hartuta, Gernikaren irudikapen koloretsua egin du.

«Ikuspuntu historizista erabili da, politikatik eta alderdikeriarik gabe. Indar faxistek bahitu nahi izan zuten oroimen historikoa bonbardaketa bizi izan zutenen oinordekoei helarazteko xedearekin egin da, gai polemikoak saihestu barik eta historiagileek luzaro eztabaidagai izan dituzten kontuei aurre eginez, balioespenik emateko inolako asmorik gabe, ordea», esan zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako aurkezpenean. Bertan izan ziren Lakuako, Diputazioko eta Udaleko ordezkariak ere.

Izen-abizenekin

Zortzi ataletan banatu dute liburua. Horietako bat, deigarriena agian, biktimei eskainitakoa. Bonbardaketen ondorioz hildako 153 pertsonen izen-abizenak zerrendatu dituzte liburuan; «lan eskerga da eta oraindik ere amaitu gabe dagoena», esan zuten. Izan ere, azken hilabetean beste sei identifikatu dituzte eta gero eta gehiago omen dira senitartekoen datuekin eurengana hurbiltzen ari diren herritarrak.

Gainerako kapituluetan ere datu eta dokumentu ugarirekin egiaztatutako kontaketa egin dute: mundu zabalean hedatu zen salaketa eta nazioarte mailako eztabaidak, bonbardaketa «gorri separatisten» asmakuntza izan zela esan eta euren «gezur ofiziala» zabaldu zuten frankisten errelatoa, bonbardaketatik hiru egunera Mola jeneralaren tropen okupazioaren kronika...

Alemaniarrek eta italiarrek erasoan izandako erantzukizuna, erasoaren helburuak eta esku hartu zuten hegazkinak ere zenbatu dituzte, baita erasoa jasan zutenen lekukotzak ere: tartean, Labauria alkatearena eta Steer kazetariarena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo